Arkitektura ikusezinak: Duela 1000 urteko etxeak.

Erdi Aroaren amaieran iritsi ziren euskal paisaietara. Hori baino lehen, etxaldeak zeuden. Testu idatzien bidez horien berri izan dugun arren, apenas lortu dugu horien materialtasunari buruzko daturik, duela ez askora arte ez baita eraikuntza horien ebidentziarik antzeman.

Egilea: Iñaki García Camino | Arkeologoa eta Arkeologia Museoraren Zuzendari ohia.

Baserriak Erdi Aroaren amaieran iritsi ziren euskal paisaietara. Hori baino lehen, etxaldeak zeuden. Testu idatzien bidez horien berri izan dugun arren, apenas lortu dugu horien materialtasunari buruzko daturik, duela ez askora arte ez baita eraikuntza horien ebidentziarik antzeman.

Bagenekien baserrietan, XV. mendearen amaieratik edo, beharbada, urte batzu lehenagotik, azterketa dendrokronologikoen arabera, teilatupe berean zeudela espazio eta instalazio guztiak, ez soilik bizitegirako erabiltzen zirenak, baizik eta familia baten biziraupenerako beharrezkoak ziren guztiak; halaber, badakigu aurretik beste eraikuntza batzuk egon zirela, etxalde izenez ezagunak, ia-ia horien gaineko ezagutzarik ez dugun arren: zelakoak ziren, zelan antolatzen zuten beren espazioa, nortzuek eta zelan eraiki zituzten, zein material erabili zuten eta abar.

Hala ere, gaur egun, arkeologiari esker, apur bat hobeto ezagutzen ditugu duela 1000 urteko eraikuntza nekazari horiek, desagertu eta gure begietara ikusezin bilakatu zirenak. Izan ere, VIII. eta XII. mendeen arteko hilerrietako batzuen inguruan (Gorlizkoa eta Elorrioko Argiñeta, kasu), edo gure baserri zaharrenen azpian (Mungiako Landetxo edo Berrizko Besoitaormaetxea horren adibide), hainbat elementu aurkitu dira: pilareen zuloak, lur ilunez estalitako zuloak, zangak, lursailean zabaldutako labakiak, lauzaz osatutako lerrokadurak, hormak, harrizko zokaloak nahiz ikatz metaketak.

Elementu horiek guztiak aitortu, irakurri eta interpretatzea zaila da, baita ikerketa arkeologikoko taldeentzat ere. Hala ere, azterketa zientifikoetan geroz eta sarriago jotzen denez azterketa teknika desberdinetara (estratigrafikoak, topografikoak, tipologikoak, kimikoak eta abar), badakigu lurrean ageri diren aztarna horiek, hainbeste buruhauste eragin dizkigutenak, Goi Erdi Aroko etxalde zaharretatik geratzen diren hondarrak direla.

Baserriak ez bezala, egurrezko hainbat eraikuntzaz osatzen ziren, lurrean erdi induskatuta, lurzoruaren mailan edo harrizko zokaloen gainean, txilar edo beste zuhaixka batzuez estalita, dimentsio eta forma desberdinetan, erabilera zein zen: korta, tailerra, dolarea, eskorta, edo etxebizitza. Eraikuntza horiek espazio ireki baten inguruan antolatzen ziren, ortu, larrain edo zulo txikiekin, kasuaren arabera, etxeko unitate hauek tipologikoki nahiz egituran zuten heterogeneotasuna eta aldakortasuna kontuan hartuta.

Argiñetako ipar sektorearen bista. Bertan, etxebizitzaren azpian zegoen harrizko zokaloa ageri da, bai eta etxalde bereko biltegi eta artisau tailer gisa erabiltzen ziren txabola eta estalpeak eusten zituzten pilareen zuloak ere. Hobi luzeak XI. mendean zabaldu ziren hilobiak dira, etxe unitateak abandonatu zirenean.
Argiñetako ipar sektorearen bista. Bertan, etxebizitzaren azpian zegoen harrizko zokaloa ageri da, bai eta etxalde bereko biltegi eta artisau tailer gisa erabiltzen ziren txabola eta estalpeak eusten zituzten pilareen zuloak ere. Hobi luzeak XI. mendean zabaldu ziren hilobiak dira, etxe unitateak abandonatu zirenean.

Beharbada, Argiñetan (Elorrio) aurkitutako ebidentziak erreferente esanguratsutzat jo daitezke. Izan ere, Bizkaiko Arkeologia Museoak duela 10 urte baino apur bat gehiago sustatu zituen indusketei esker, gune oso zabal bat aztertu ahal izan zen (1500 metro karratu baino gehiago), ordura arte aztertu zen eremua gaindituz. Aurretik, baserri batzuen barrualdera mugatutako 100 metro karratutik beherako distantzia baino ez zen ikertu, eta eraikuntza bakarra baino ezin izan zen antzeman, isolatua izanik azaltzeko zaila zena.

Argiñetan zazpi eraikuntza aurkitu ziren:

Aztertutako eremuaren ipar-mendebaldean, besteak baino apur bat gorago eta lursailean txertatuta, oinplano angeluzuzeneko eraikin bat egin zen harrizko zokaloaren gainean, saneamendu edo drainatze zanga batek inguratua, kontralursail batean egonik hezetasuna sar zedila saihestuz. Barrualdean, hainbat elementuren zatiak berreskuratu ziren, besteak beste sukaldeko lapikoak, burdinazko aiztoren bat, eta fauna edo janari hondarrak. Beraz, pentsatzekoa da etxebizitza bat izan zela.

Haren hego-ekialdean, sei txabola eta estalpe identifikatu ziren, lursailean zuzenean txertatutako pilareen armaduraz eraikiak. Esparru horiek 15-20 metro karratuko azalera zuten, eta beren artean metro gutxi batzuen distantzia uzten zuten. Beti ez zeuden alde guztietatik itxita. 

Mendebaldeko sektorekoak bazeuden guztiz itxita. Halaber, egurrezko eskuineko oinen bidez zehaztuta zeuden, buztinez estalitako eta adarrez osatutako sare batekin lotuta. Horren lekuko dira etxaldearen abandonu mailetan antzeman diren lurrezko pellak, X. mendearen amaieran edo XI. mendearen hasieran kokatzen direnak. 

Errekuntzarako egitura, Argiñetan aztertutako etxaldearen estalpeetako batean aurkitua.

Badago beste esparru bat ekialdean soilik dagoena itxita, gainerako aldeak zabalik utziz. Logikoa dirudi, barrualdean errekuntzarako egitura bat zegoelako, labe baten kubeta, ziurrenik etxeko sutegi bat izango zena. Pentsatzekoa da, halaber, antzeko fisonomia izango zuela beste estalpe batek ere, harkaitzean induskatutako zulo bat duena, bertan garauak batzeko. Haren barrualdean burdinazko igitai bat aurkitu zen.

Pilareen armadurak altxatzeko eta teilatuak estaltzeko ez ziren iltzeak erabili, ez eta teilak edo lauzak ere, indusketetan berreskuratutako material mota hori oso urria baita.

Azaldu den bezala, esparru bakoitzari erabilera zehatz eta ezberdin bat eman zitzaiola pentsatzen dugu: etxebizitza, korta, biltegia, etxeko sutegia, edo ehungintza tailerra (horietako batean ehotzeko burdinazko kako bat eta hezurrezko puntzoi bat aurkitu ditugu).

Esparru horietatik gehienak patio antzeko baten inguruan antolatzen ziren. Bertan, harkaitzean induskatutako putzu angeluzuzen pare bat ireki ziren, horren esanahia ez dakigun arren. Lihoa bigundu eta ehuna ekoizteko erabil zitekeela uste dugu.

Oinplano angeluzuzena daukan eraikuntza bat definitzen duten pilareen zuloak. Bertan, ehotzeko tresnak aurkitu ziren.

Gainera, eraikuntzak definitzen ez dituen pilare lerrokada luze bat erregistratu zen, bi giro banatzen zituena, itxuraz: alde batean, bost estalpe eta txabola zeuden, bai eta etxebizitza ere, harrizko zokalo eta guzti; eta, bestean, txabola bakarra. Lerro hori familia desberdinei egotzitako bi etxalderen arteko muga moduan interpretatu zen. Bat ia osorik induskatu zen, eta bestea partzialki. Beraz, etxe eta ekoizpen unitate horren parte ziren txaboletako bat baino ez da ezagutzen.

Eraikin xume hauek aldian-aldian berriztatu egin ziren, belaunaldi desberdinez eratutako zikloetan, material hauskorrez egindakoak baitziren, besteak beste egur eta lurrez; batzuetan, kokaleku berean mantendu ziren eta, beste zenbaitetan, apur bat lekualdatu. Horregatik dira antzemandako pilareen zuloak ugariak eta aldakorrak. Etxebizitzak ere, harri gainean eraikita egon arren, eraldaketa handiak jasan zituen, X. mendean egondako sute gogor baten ondorioz. Hori dela eta, abandonatu baino hamarkada batzuk lehenago hormak berriro egin behar izan ziren.

Erabilitako eraikuntza tekniken sinpletasuna ikusita, pentsatzekoa da eraikuntzak familia baserritarren lana izan zirela, hots, ez zela langile espezializatuen esku-hartzerik egon. Halaber, ez dago jauntxoen jabetzako egitura sendoak iradokitzen dituen zantzurik, gutxienez duela 1000 urte.

Goi Erdi Aroko etxaldeen berreraikuntza hipotetikoa, Momoitioko indusketetan oinarritua (marrazkia: Fernando Baptista. Bizkaiko Arkeologia Museoa).

Etxalde hauek, nahiz eta batzuetan isolatua egon eta ez Argiñetan deskribatutako biak bezain hurbil, arkitektura sozioekonomiko konplexuago baten parte ziren. Arkitektura hori etxebizitzaz harago zihoan, eraikuntza erantsiez harago, eta baita oholesiez definitutako muga fisikoez harago ere.

Inguruko labore terrazetara zabaltzen zen, garia, garagarra, artoa edo artatxikia ereiteko; modu komunitarioan ustiatutako basoetara, bertako egurra eta zura erabiltzeko edo ganaduarentzako larre zabalak irekitzeko; hilerrietara, arbasoek bertan atseden hartzeko; eta elizetara, horiek, aurrekoekin batera, kohesioa ematen ziotelarik herrixka beraren parte ziren etxalde guztiei.

Pentsatzekoa da etxalde bat edukitzeak familia horri aukera ematen ziola auzotasun eskubidea izateko, herrixkako ondasunak aprobetxatzeko orduan parte hartzeko, eta elizaren edo jauntxoen kargak nahiz karga publikoak ordaintzeko betebeharra betetzeko.

Baserrien aurreko eraikuntza hauen gainean luzatutako hipotesia gorabehera, ezer gutxi dakigu oraindik ere. Galdera asko erantzun gabe daude: zelan jaio ziren?, zelan egin zieten aurre XI. mendetik aurrera ezarri ziren jauntxoen botereei?, zelan bihurtu ziren baserri?, zelan lortu dute kasu batzuetan denbora zeharkatzea, ia milurteko bat geratzeko kokaleku berean?, zelan aurkitzen ditugu ahanzturan geratu ziren eta ezezagunak zaizkigun eraikuntza hauek egungo paisaia eta hirigintza ulertzen saiatzean?

Landetxo baserria (Mungia). XVI. mendearen hasiera. Ikus Goi Erdi Aroko etxaldeen eta Bizkaiko baserri zaharrenen arteko aldea.

Arkeologiara joz gero, eta ez ebidentzia materialak lurretik atera edo induskatzera, erantzun batzuk aurkituko ditugu. Izan ere, lurpean gordetako ondare ezezagun eta ikusiezin hori ere finitua da, eta, horregatik, zuhurrak izan behar dugu, erreserba gunea utzi etorkizuneko belaunaldiek aztertu eta gozatu dezaten, eta adi egon, gure mendeko politika liberalen mehatxuak ez dezan akabatu, hura ezagutzeko aukera izan gabe.

Oharra: Azaleko argazkian Argiñetako etxalde edo etxe unitate bateko etxebizitzaren harrizko zokaloa. X. mendean sute bat jasan ondoren, berreraiki egin behar izan zen.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Bloga
Bizkaiko burdin lanketaren eta haren komunikazio sarearen jatorrien arkeologia.
Bloga
Bide neandertalak
Bloga
Zubia bidean. Burtzeñako zubi esekiaren berrehungarren urteurrena (1824-2024)