Bizipen txatalak

Egilea: Edurne Etxebarria Legina

Filologoa

 

Testu hau ez dagokio ikerketa zientifiko bati; trenaren inguruan egindako hausnarketa baino ez da. Gure inguruan, trenaren bitartez, trenari esker ibili izan gara hara eta hona. Idazki honetan, azaldu nahi ditut etxekoen eta herrikoen bizitzako une batzuk, betiere trenari lotuta.

Lurra esaten diogun planetan dagoenetik, gizakiak bizi irauteko ahaleginak egin behar izan ditu: janaria, aterpea, jantziak, tresnak, lanabesak, langaiak…. eskuratu. Beharrak asetzeko, historiaurretik gaur egun arte iraun duten bideak zabaldu zituen. Bide horietan zehar, oinez ibiltzen zen besterik ez zegoenean. Gizarteak aurrera egin ahala, garraiobideak garatu ziren, trena, besteak beste.

XX. mendearen 60. hamarkadan, Bilbotik aittitte-amumak bizi ziren herrira joaten ginen. Bertara, baserrira, joaten ginen udako oporretan, Gabonetan, Aste Santuan, herriko jaietan. Bilbon bizi ginen auzotik (Arangoititik) oinez jaisten ginen aitte-amak eta neba-arrebok; aittek eta amak maletatxu bana eskuetan zutela. Deustun, Plentziatik San Nikolasera zetorren trena hartzen genuen, eta San Nikolasetik Atxurira, Zazpi Kaleetan zehar, oinez joaten ginen.

Garai hartan, Zazpi Kaleetan denda eta taberna asko zeuden; bertatik ibiltzen zen Bilbo, Bilbo inguru eta Bizkaiko herrietako jendea erosketak egiten. Aittek, jende ezaguna aurkitzen zuen:

– “Zer, bazoazie”?
– “Bai, herrire goaz, eta trena hartuten goaz Atxurire”.
– “Ondo ebilli, ba!”.

Bilbo txikia zen orduan.

Ni Atxuriko geltokia ikusiaz batera hunkitu, urduritu, poztu egiten nintzen. Geltoki hartan hartu behar izaten genuen herrira eramango gintuen trena-eta; edo “Zugaztieta”, edo “Gernikatxu” izeneko trena. Ni gaztetxoa, txikia izan arren, gai nintzen geltoki horren edertasunaz konturatzeko; ederra iruditu zait txikitatik. Billeteak hartzen zituzten gurasoek; erdian zulotxoa zeukaten billete marroiak. Txartel-leihatilak zeuden ataritik nasan sartzeko atean ikuskatzailea zegoen; hark billeteak ikusi eta zulotu egiten zituen.Han egoten zen edo Donostiara zihoan trena edo Bermeora zihoana. Donostiarakoa hartuz gero, Amorebietan (Zorrontzan guretzat) jaitsi egin behar izaten zen eta Bermeora zihoan beste tren bat hartu behar izaten genuen; “trasbordoa” (transbordoa) egin behar zala esaten genuen.

 

 

Batzuetan, segituan izaten zen beste tren hura hartzea, baina beste batzuetan, itxaroten egon behar izaten genuen; orduan ez zebiltzan hain sarri trenak. Gu, umeok, gogaituta, loguratuta, gosetuta egoten ginen, eta behin eta berriro galdetzen genuen ea noiz etorriko zen.

Trena polit-polita zen. Bagoi bakoitzean, plataforma, balkoitxo bat zegoen, burdinezko balkoitxo antzeko bat; bagoiaren barruan jesarlekuak egurrezkoak, zurezkoak ziren. Goialdean maletak uzteko lekua zegoen.

Jende euskalduna zihoan bertan, euskaraz berbetan; ezagun asko, egun seinalatuetan joaten baikinen herrietara Bilbon bizi ginenok. Giro polita, alaitasuna igartzen zen.

Helduak elkarrekin berbetan eta txikiok leihoaren alderdian jesarrita, pozik handik begira. Geltokiz geltoki, trena gelditu egiten zan: Bolueta, Etxebarri, Ariz, Zuhatzu, Usansolo, Bedia, Lemoa, Amorebieta. Bertan transbordoa egin ondoren, laster ginen Zugastietan. Geltokietan eraikin bat zegoen. Guztietan ez dakit, baina gehienetan geltoki-burua bizi zen eta bertan hartzen ziren billeteak. Politak ziren eraikinak, adreilu ilunezkoak; agian, trenen kearekin belztutakoak. Geltoki bakoitzean gelditu eta jendea jaitsi eta igo ondoren, geltoki-buruak banderarekin eta txilibituarekin agintzen zion tren-gidariari noiz martxan jarri berriro.

Amorebietaraino behintzat ez zen paisaia ederra ikusten. Ibaia zikin-zikin, berde kolorekoa, txerrikeriaz beteta zetorren; Bilbon txokolate kolorea hartzen zuen. Nik, umetan, uste nuen halakoak zirela errekak, ibaiak. Lantegiz beteta zegoen ibai ingurua, eta bertara botatzen zen txerrikeria guztia. Izugarrizko kutsadura zegoen industria inguruetako airean, lurrean, ibaietan …

Amorebietatik Zugastietaraino ez zegoen hainbeste lantegi, eta paisaia berdea, zuhaitzez (eta pinudiz) betea zen. Trena Autzagane portua jaisten hasten zenean, pinudi sarri arteetatik ikusten zen Gorozika, geure herritxoa. Geltokia Zugastieta zen eta da, eta Gorozikara igoteko ia 2 kilimetro dagoz. Aittitte etorten zan bila gurdiagaz, edo osabak motortxoarekin. Guk bai poza!!

 

 

Gorozikan, saskigile, otzaragile dezente zegoen. Gure aittitte biak, Juan Legina (José Domingo anaia) eta Bittoriano Etxebarria ere baziren; Gogoratzen ditut baita Francisco Etxeandia, eta Felix Larruzea ere. Gehiago be egon ziren, baina nik horiek ezagutzen nituen, auzokoak baitziren. Orduak ematen nituen aittitteri begira, nola egiten zituen otzarak ikusten, eta baita aulkiak eta jesarlekuak ere.

Prozesua “ikasi” edo… egin nuen. Gipuzkoatik ekartzen zuten gaztainondoa erabiltzen zuten. Nondik ekartzen zuten galdetzen nuenean, “Gipuzkoatik”, zein herritik zehaztu gabe, erantzuten zidaten. Antza, erosten joaten ziren eta gero kamioian bidaltzen zuten egurra  Gorozikara.

Akorduan daukat ez zirela enbor lodiak, meheak baino; agian adarrak izango ziren. Azal baltza, baina guri-guriak barrutik. Errekan beratzen ipintzen zituzten biguntzeko, eta gero, zuritu ostean, zumitzak ateratzen zituzten. Zumitzokin egiten zituzten aulkiak, eta otzarak, saskiak; belarra eta soroko bestelako uzta eta baita burdin mea eta abar gordetzeko edo garraiatzeko erabiltzen ziren otzarok.

Batzuk Gernikara eramaten zituzten, azokan saltzeko; trenean joaten ziren, jakina. Geltokiraino astoan, gurdian edo lepoan eramaten zituzten. Beste batzuk, ostera, Bilbora trenean joaten ziren edo “fakturatu” egiten zuten salgaia. Bilbon, Somera kalean, Gorozikako emakume batek, Juanita Irazabalek denda zeukan eta bertan saltzen zituen Gorozikako saskigilei erositako generoa. Larraondo zan dendaren izena, senarraren deitura baitzen.
Dana dala, ez ziren otzaragile guztiak herrian geratzen, lana zegoen lekuetara joaten baino. Osaba Urrufiñok kontatu zidan bere amumak, (gure birramumak), Maitton Larruzeak, Anton izeneko neba bat zeukala, eta meategietara joan zala otzarak egiten. Behin etxetik joa

nez gero, orduan ez zen hain erraza etxekoen edo joandakoen berririk izatea; hagatik, nebaren bila joatea pentsatu omen zuen.

– “Nundik nora juan be eztakizu-ta” esaten omen zioten eta berak:
– “Topekot” erantzun.

XIX. mendearen amaiera zan eta bidaia luzea egin behar izan zuen. Lehenengo, Gorozikatik Zugastietako geltokiraino oinez, Bilborako trena hartzeko. Atxurira heldu eta gero, La Naja izeneko geltokira joan eta Muskizerako trena hartu zuen. Trapagaranen jaitsi eta, osabaren esanetan, Zugaztietara (La Arboledara) igo zuen: ”ba sera lelengoz Valletik, orduen be egongo san igual ori serori funikularra, igual esan egongo, da andidxik e serera Arboledara juanda”. Han galdetu zuen ea Anton “sestero” ezagutzen zuten eta baten batek baietz esanda, Galdameserantza abiatu zen, mendi (Ganeran) eta baso bideetan zehar.
Anton aurkitu zuenean, Gorozikara itzuli ziren biak, baina nebak berriro alde egin zuen Galdamesera, eta handik bertatik egin zuen bere bizimodua.

Beranduago, XX. mendeko 40. hamarkadan, osaba Gorozikatik Indusira joaten zen udan, bertan bizi ziren amaren aldeko aittitte-amumari laguntzen. Haiek errota zeukaten eta hara beharrean joaten zan mutikotxo gaztea. Gorozikatik Zugastietara oinez, gero Lemoaraino trenean; Lemoan tranbia hartu eta Igorreraino; gero Indusiraino zazpi kilometro, bere esanetan, oinez.

Behin Indusin, goiz jagi behar izaten zuen ohetik; jendea etorri aurretik errota martxan ipini behar izaten zen eta kontuan izan, jakina, irinak nolakoa izan behar zuen, edo mehetxuagoa, edo fintxuagoa edo laztxuagoa. Errotarriak “pikeu” egin behar izaten ziren, mailu antzeko bategaz. Arto-harria ez zen hainbeste hondatzen, bai, ostera, gari-harria. Hori hogei egunerik behin-edo “piketan” zen.
Pentsatu izan da munduan ibiltzeko, asmatu eta sortu diren beste garraio mota batzuk kenduko ziotela lekua trenari, baina ez da horrela izan. Berton dirau, jendea eta salerosgaiak leku batetik bestera eramaten, baina batez ere geure bihotzean.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Bloga
Lotura artistikoak Bizkaia eta Europa Atlantikoaren artean Behe Erdi Aroan zehar (II): hilobi-lauda flandiarrak.