Egilea: Javier Franco Pérez
Arkeologiako doktorea eta Erdi Aroko Historiako lizentziaduna
Gizakiari bere eboluzioan eta garapen sozial eta ekonomikoan lagundu dion metal nagusi bat badago, hori burdina izan da; batzuetan, eragile gisa agertu da, eta beste batzuetan, historian zehar gertatu diren aldaketen tresna bera gisa. Esaterako, Bizkaian, Industria Iraultzaren garaian, burdina izan zen eragile nagusia, eta horrek Europako buruan kokatu gintuen, lurraldeko meatzaritzaren eta burdingintzaren bultzadari esker; beste batzuetan, aldiz, Erdi Aroan adibidez, burdina tresna gisa erabili ohi zen guduetan, alde bateko armak kontrako aldekoei gailentzen zitzaiela.
Burdin mearen inguruko lanketak Bizkaiko historia markatu du nolabait, ados gaude guztiok horretan, baina, noiz eta nola hasi ginen hura lantzen? Azken ikerketa arkeologikoen arabera, burdin lanketa K.a V. mendean sartu zen Euskal Herrian; burdina eskuz lantzen jarraitu zen, eta, XIV. mendera arte, mendiko burdinola edo haizeoletan eraldatzen zen. Harrezkeroztik, haien ordez, mende bat lehenago bertan ezarri ziren burdinola hidraulikoen sistema berria erabili zen. Beraz, 2000 urte inguruz egiten zen artisau-lana, eta mea (hematiteak) harrobi txikietan erauzten zen aire zabalean, burdin mearen zainari jarraiki; mea burdin totxo bihurtzen zen lehenen, ekoizpen-tailer txiki ziren mendiko burdinoletako labeetan, lanbidea gure lurralde historikoan zehar hedatu zuten olagizon oso gaituei esker (ez dugu ahaztu behar gaur egun ditugun ezagutzak izanda ere, ezinezko zaigula haien lana osorik eskuz egitea). Hainbestekoa izan zen lan haren garrantzia, ezen Bizkaian bakarrik 170 mendiko burdinolaren aztarnategi arkeologikoen datuak berreskuratu ahal izan baititugu, eta 350, Euskal Herri osoan.
Ikerketa haiei esker, Bizkaiko Antzinaroko eta Erdi Aroko burdina zaharraren ekoizpen-guneen eta kontsumo-guneen artean gertatzen ziren hainbat harreman ezagutu ditugu. Batzuetan, mugimendu txiki batzuk egiaztatu ditugu, baita luzeago batzuk ere, jarraian zehaztuko dugun bezala.
Lehenik, Trianoko Mendietatik (jatorri erromatarreko toponimoa da Triano) erauzten zen burdin mea ontziratzen zen Portugaleteko portu tradizionala aipatuko dugu; izan ere, burdin mea gure inguruko erromatar komunikazio-bide nagusira, “Vía Maris” izenekora, eramaten zen. Itsasaldeko kabotaje-bidea zen hura, senadiz senadi, gure lurraldea kostaldetik egituratzen zuena eta Erromak mendi harekiko zuen aprobetxamendua eta interesa ahalbidetzen zuena, Plinio Zaharra historialari eta kronikagileak K.o. I. mendean idatzi zuenez: “… que como cosa maravillosa toda ella es de hierro”. Ez dakigu ziur Portugalete aurrean zeuden mendi horietako meatzeetatik burdin mea jaisten zuten bide txiki tradizional haien sareaz, baina badakigu horietako bide batzuk elkartzen zirela haranetik Valleni erreka (toponimo erromatarra, gaur egungo Ballonti erreka) zeharkatu eta antzinako herrira “bide zaharretik” sartzen zen sarreran, eta, ondoren, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ondoko ontziratze-portura jaisten zirela. Kostaldeko toki horretan, duela urte asko, K.a. II. mendetik K.o. II. mendera arteko txanpon erromatarrak aurkitu ziren. Portu horrek, batez ere, burdin mea preziatua ontziratzeko balio izan zuen, nahiz eta, ziurrenik, erromatarren garaian olagizonek ekoizten zituzten burdinurtuzko totxoak bertan ontziratzeko ere balio izan zuen, esate baterako, Oiola II.a (Trapagaran) mendiko burdinola handian, K.o. II. mendean, ekoizten zituztenak –burdinola horren hondarrek 100 metro baino gehiagoko luzera okupatzen dute–. Burdin mea bide zaharretik Portugaleteko ontziralekurantz mendeetan zehar eramaten zen, eta, ondorioz, maisu olagizon haietako bat herriaren sarrerako bide horren ondoan kokatu omen zen, dokumentazioaren arabera, “Escurial” izenez ezagutzen den eremuan (gaztelaniazko “escoria” hitzagatik –garaiko tailerretako ohiko ekoizpen-hondakinak, zepak). Horrela, beharrezko mea-hornikuntza ziurtatu egiten zen.
Azkenik, oraintsuko indusketa arkeologiko batzuek berretsi dute berriro bide hark Erdi Aroan iraun zuela, eta Santa Maria Elizaren zelaian burdin mearen metakinak zeudela dokumentatu dute, hiribildua 1322an sortu aurrekoak. Bertan metatzen zen mea, azken eremu lauan, aldapa malkartsu batetik itsasaldien eraginpeko eremu batean zegoen “burdin mea ontziratzeko portura” jaitsi aurretik.
Aurrekoa baino askoz zabalagoa den beste mugimendu-mota bat, Antzinaroan eta Erdi Aroan burdin mearen ekoizpen-guneak eta kontsumo-guneak lotzen zituena, Bizkaiko (eta Gipuzkoako) lurraldearen –mendiko burdinoletan, burdin mearen lehen mailako eraldaketa egiten zuten masiboki, metalezko totxo bihurtzeko– eta Arabako goi-lautadaren artean gertatu zen. Goi-lautada horretan, Bizkaiarekin alderatuta, burdinola gutxi zeuden; hala ere, bigarren mailako ekoizpena ageri zen sutegietan, non burdinaren azken objektua egiten zen: besteak beste, nekazaritza-lanabesak, armak, eta iltzeak.
Dokumentazio idatziaren eta arkeologikoaren konbinazioari esker, badakigu gure lurraldean burdinolek –gehienbat, gure lurraldekoak– landutako produktuak trukatzeko eta Arabarantz eramateko lurralde-sistema bat zegoela. Izan ere, idatzizko dokumentazioaren arabera, Araban, X. mendetik XII. mendera bitartean, sutegiak suspertu omen ziren, eta horietan errementariek produktu manufakturatu ugari egiten zituzten. Idatzizko dokumentazio horri “la Reja y los Votos de San Millán” esaten zaio. Dokumentu horietan, Donemiliaga Kululako (San Millán de la Cogolla) monasterioak zehaztu zuen nola kobratzen zituen errentak bere eragin-eremuko lurraldean (Laredo edo Santoñaraino iristen zen). Hala, agirien arabera, Bizkaiko lurraldeak zergak abelburuekin ordaintzen zituen –lurraldeko mendiko burdinoletan burdina ugari ekoizten bazuen ere–, eta Arabako lautadako 307 herrixka inguruk, aldiz, monasterioari “burdinazko piezekin” ordaintzen zioten; ondorioztatu dugunez, burdinazko produktu manufakturatuez aritzeko izen generikoa da hura, ez soilik golde-muturrak adierazteko.
Horrek guztiak frogatzen du hasiera batean pentsa zitekeena baino sistema konplexuagoa zegoela; izan ere, sistema hark Bizkaiko eskala txikiko ekoizpen ugaria, burdina gordina esportatzen zuena, Araban erremintak manufakturatzeko burdina eskatzen zuten eremuekin lotzen zuen. Azken batean, bi lurraldeen arteko truke- eta mugimendu-sistema bat sortu zen, erromatarren aroaren eta Erdi Aro Betekoaren artean gertatu omen zena, eta horrek mende haietako nekazarien pobrezia materialari eta burdinazko tresnak eskuratzeko zailtasunari buruzko zenbait eredu zalantzan jarri du.
*Azaleko irudia: Bizkaiko mendiko burdinola, X-XIII. mendeetakoa.