Arkitektura-ondarea, Ondareari buruzko Jardunaldien 25. urteurrenaren gai nagusia
2025ean Bizkaian Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 25. urteurrena ospatuko dugu, eta aurtengo edizioa arkitektura-ondareari eskainiko diogu. Nola historiaurreko aztarnategiak hala arkitektura garaikidea, Bizkaiak ondare- eta historia-interes handiko eraikinen eta monumentuen lagin nabarmena du. Horietako bakoitzak istorioak gordetzen ditu eta zerbait kontatzen digu sortzaileei, garai historikotako lekukoei, denboran zehar zaindu dituzten eraikitzaile eta zaharberritzaileei eta historian zehar izandako aldaketa eta prozesu guztien lekuko izan den komunitate oso bati buruz.
Aurten azpimarra berezia jarriko da ondare baliotsu hori publikoari ezagutzera emateko. Bai eraikuntza zaharrenen bidez bai azken abangoardien bidez, Bizkaiak ondare horren askotariko irudikapen aberatsa du ikusgai. Aukera izango da ere bai eraikuntzari eta zaharberritzeari lotutako ofizioak, teknikak eta materialak ezagutzeko, bai eta mendetan zehar izandako aldaketak eta prozesuak ulertzeko eta etorkizunean duten rolaren inguruan hausnartzeko ere.
Hori dela-eta, gai garrantzitsuak jorratuko dira, hala nola ondarea kontserbatzeko eta birgaitzeko behar diren esku-hartzeak, jasangarritasuna eta irisgarritasuna, bermatze aldera oraingo eta etorkizuneko belaunaldiei iristen zaiela.
2025 honetan, monumentu historikoez gain, protagonismoa emango zaio tokiko ondareari: gure udalerrien adierazgarri diren eliza, baserri, jauregi, errota, burdinola eta beste eraikuntza historiko batzuei, alegia. Elkarte kulturalekin eta herritarrekin batera ahalegintzea funtsezkoa izango da jardunaldik arrakasta izateko.
Animatuko zara programan parte hartzera? Jarri harremanetan hemen!
944 066 340 – ondareabizkaia@gmail.com