Europa, guztion ondarea
Seigarren urtez segidan, Bizkaiak bat egingo du Europako ondarearen jardunaldiak izeneko ospakizun handiarekin. Egun gutxi batzuetan zehar, bizkaitarrek eta europarrek aukera berdingabea izango dugu gure monumentuen ondare aberatsaz gozatzeko. Askotariko osagaiak dituen kultur ondarea da, baina, era berean, gu guztiona dena. 1991n hasi ziren jardunaldiak egiten, eta ordudanik gero eta estatu gehiago lotu zaizkio egitasmo honi. Iazkoan, 48 estatuk parte hartu zuten, eta horien bitartez sortutako jarduerekin 20 milioi lagunek baino gehiagok gozatu ahal izan zuten.
Aurreko urteetan bezala, Bizkaian bada jendearen arreta bereganatu nahi duen gai jakin bat, gure ondarearen alderdi nabarmen bat ukitu nahi duena. Burdinaren paisaiak leloa ardatz hartuta, zenbait jarduera antolatu dituzte gure lurraldearen historian sakon errotuta dagoen alderdi bat gogora ekartzeko asmoz, alegia: burdin minerala. Eta gogorazte ariketa hori hainbat ikuspegitik egin nahi dute: meatzaritza, paisaia, eraiki zuten ondarea… Egia da, alde batetik, Foru Aldundiak duela jardunaldi horiek sustatu eta koordinatzeko ardura, baina, beste alde batetik, egitasmo hau ez zen gauzatuko urtez urte ekimen honekin bat egin duten hainbat udal, enpresa eta bestelako erakundek gogoz esku hartu ez balute. Zalantza barik, jardunaldien arrakastaren zati handi bat erakundeen arteko elkarlan horri zor zaio, eta zalantzarik ez da ere, datozen urteetan elkarlana are zabalagoa izango dela.
Beraz, ez da besterik geratzen bizkaitarrei gonbita egitea baino, ospakizun handi honetan parte hartu eta gure ohiko ingurunean alderdi berriak ezagutu ditzaten. Bizkaitarren interesa eta gogo bizia dira, ezbairik gabe, ekimen honen benetako indar