
Hitzaldia, Belén Bengoetxearen eskutik *
Horma zatiek kontatzen digutena. Lekeitioko ibilbide historikoa harresien irakurketa arkelogikoaren bitartez.
Hitzaldian, azken bi urteetan hiru fasetan egin dugun azterlana zertan datzan eta zer emaitza lortu ditugun azalduko dugu. Esku artean izan dugun ikerketa Lekeition begien bistan ditugun harresi zatien irakurketa arkeologikoa izan da. Lanaren bitartez, kronologian, erabilitako materialetan, eraikuntza-prozesuetan eta mendeetan zehar izan duen bilakaeraren berri izan dugu.
Kontuan izan behar dugu harresia ez dela horma zati sinple bat, hobeto edo okerrago kontserbatuta ailegatu zaiguna. Izan ere, egitura konplexua da, hiribilduaren funtsezko elementua, oso esanguratsua, eta harrien artean denporan zehar hemen bizi izan diren emakume eta gizonen historiaren zati bat gordetzen dela esan daiteke. Une historiko bakoitzeko testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturalaren barne ulertu behar da; horrela eman ahal izango diogu zentzua bere presentziari mendeetan zehar.
Bestalde, azken urteotan, Lekeitioko hirigune historikoan 60 esku-hartze arkeologiko baino gehiago egin dira, emaitza desberdinak eman dituztenak, baina, zalantzarik gabe, hiriaren historia hobeto ezagutzen lagundu dutenak. Gure ibilbide historikoan, imajinatzen duzuen bezala ikuspuntu arkeologiko batetik bideratuko duguna, hauek ere kontuan izango ditugu.
(*) Belén Bengoetxea Rementeria, arkeologoa, ikertzaile eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean.