Egilea: Jesús Muñiz Petralanda.
EHUko Artearen Historia Saileko doktoregaia eta Ondare Historiko eta Artistikoaren kudeatzailea
Bizkaia garai bakoitzeko korronte nagusietatik erabat isolatuta inoiz egon ez bazen ere, arte-estiloak (arte paleolitikoa salbu), oro har, oso era belaxkan eta berankorrean ezarri ziren gure lurraldean bere historiaren lehenengo etapetan.
Hala ere, Erdi Aroa amaierara hurbildu ahala, arte-eskaria inoiz ez bezala hazi zen Jaurerrian.
Aldaketa horren eragile nagusiak gertakizun hauek izan ziren, zalantzarik gabe: XIII. mendetik aurrera hiribilduen sorreraren bidez hiri-bizitza garatu izana eta hiriek Gaztelako Erresumako barrualdearen eta Europako kostalde atlantikoen arteko komunikazioetan izan zuten zeregina. XIV. mendearen erdialdeko krisialdiak pixkanaka gainditu izana gehitu zitzaien gertaera haiei; hala bada, hurrengo mendea bake, ongizate eta garapen demografiko, ekonomiko eta sozialeko garaia izan zen, zeina Aro Modernoaren hasieran amaitu zen, 1526an kaparetasun unibertsala aldarrikatu zenean. 2026an, milurteko erdia beteko da gertaera gogoangarri hartatik.
Gure arte-historiaren fase hark munta itzela badu ere, paradoxikoki, oraindik ez da behar bezala aintzat hartu, eta hutsune hori aspaldidanik betetzen saiatzen ari gara. Hala, blog honi egingo dizkiogun ekarpenak horretaz arituko dira.
Hain zuzen, Gotikoko artearen etapan, batez ere, azken fasean, hautsi zen behin betiko joera hura, harrezkeroztik, moda nagusietan parte hartzen hasi baikinen, oraindik ere, atzerapen apur batekin, baina presentzia ona izanda eta, alderdi batzuei zegokienez, bikaina.
Alabaina, ez litzateke zuzena izango esatea, inoiz iradoki den bezala, bertoko Behe Erdi Aroko arte goresgarri bakarra gure mugetatik kanpo etorri zela. Izan ere, hori adieraziz gero, bertoko edo eskualdeetako aro hori baino lehenagoko tailerren ekoizpen interesgarria gutxietxiko genuke, oraindik ere gure eliza batzuetako buru edo gure museoetako bildumen osagai diren Andra Mariaren tailu batzuek (eta, neurri apalagoan, Kristo Gurutziltzatuenak edo santuenak) egiaztatzen dutenez. Horien egote hutsak justifikatuko luke aro horri onguraz begiratzea.
Dena den, aurtengo Ondarearen Jardunaldien gaiari erreparatuta, artikulu-sail honetan, gune artistiko atzerritarrekiko loturak izango ditugu hizpide, batez ere (baina ez bakarrik) Brujasko gune flandestarretik etorritako arte-ekoizpenarekikoak: merkatari bizkaitar ugari zegoen hiri horretan, XV. mendearen amaierara arte beren oinarrizko basea ezarri baitzuten bertan (2. irudia).
-
irudia: Praetorium Cantabricum eraikina, Bilboko Kontsulatuaren Brujasko egoitza. Irudia hemendik atera da: Flandria illustrata…, Antonio Sanderorena, Amsterdam, 1641-1644, IV. liburua, 274. or. (Ganteko Unibertsitatearen liburutegi birtualean eskuragai: https://lib.ugent.be/viewer/archive.ugent.be%3AEEB84A32-D219-11DF-9DFE-FEF978F64438#?c=&m=&s=&cv=&r=0&xywh=-2354%2C-424%2C14567%2C8446)
Izan ere, noblezia txiki hartako kide asko –lehenago gerrazalea eta borrokalaria izandakoa– denbora berrietara moldatzeko birziklatu eta merkataritza-ekimen handiko burgesia ekintzailea bihurtu zen, abentura atlantikoan buru-belarri jardunez. Horri esker, irabazi nahikoak sortu zituzten beren maila sozial berria harro agertzeko eta, bide batez, beren gustu artistikoa eta herrikideena hezteko, Europa osotik parekoek egiten zutenen antzera, haiekin parekatzeko asmoa baitzuten, zalantzarik gabe.
Brujastik, hala, Jaurerriko merkatariek pleitatutako itsasontzi ugari abiatzen ziren, abiatu ere, eta Kantauri itsasoko itsasertzera itzultzeko bidaietan, gure kostaldeko hiribilduetatik aldez aurretik garraiatutako Gaztelako artilezko zakuekin egindako ehunez zamatzen zituzten zamategiak eta, aldi berean, merkataritza-markak seinalatzeaz arduratzen ziren (3. irudia).
Flandestik, halaber, artelan ugari iritsi ziren –salgai nagusia ez baziren ere–, hala nola paperean egindako grabatu soilak, tapizak, urregintza liturgikoko piezak, atrilak edo letoizko argimutilak, oholen gaineko margolanak, hilobi-laudak eta zurean landutako erretaulak eta irudiak.
Era berean, merkatari bizkaitarrek Mestaren bidez kudeatzen zen artilea (eta Jaurerriko meategietan erauzitako eta burdinoletan landutako burdina) Ingalaterrara eramaten zuten, eta Ingalaterratik erliebe eta harzurian zizelkatutako figura ugari ekartzen zituzten, britainiar uharteetako arte-ekoizpen nabarmenetako bat, alegia.
-
irudia: Artilezko zaku bat, merkatari-markaduna. John Lyndewode gaztearen hilobi-lauda. Limwood (Erresuma Batua). Hilobi-laudaren kopia, Ronald van Bellek egindakoa.
Proposatutako gaia irudiztatzeko asmoarekin, aurrerantzeko artikuluetan, pieza hauei buruzko hainbat hurbilketa panoramiko egingo dugu: metalezko hilobi-lauda flandiarrak, harzurizko erliebeak edo ohol gaineko margolanak. Eta artikulu-saila amaitutzat emateko, zurean zizelkatutako irudiak eta erretaulak hizpide izango dituen artikulu bat.
Eta horiei guztiei, ilustrazio esanguratsuak eta bibliografia laburra erantsiko dizkiegu, ikusmira dutenek ondare jori hari buruzko ezagutzak gehitu ditzaten. Hurrengo emanaldian ikusiko dugu elkar; oraingo honetan, hilobi-artearen tipologia bitxi bat jorratzeko: hilobi-lauda frandiarrak.
Eta gehiago jakin nahi baduzu
- esparru historiko-artistikoari buruz:
MUÑIZ PETRALANDA, J.: Entre Flandes y Castilla. Una aproximación al patrimonio mueble Tardogótico en Bizkaia, GRACÍA GARCÍA, B. eta GRILO, F. (coords.): Ao modo da Flandres. Disponibilidades, inovaçao e mercado de arte na época dos descobrimentos (1415-1580), Fernando Villaverde ediciones, S.L., Madril, 2005, 181-191 orr.
MUÑIZ PETRALANDA, J. eta GONZÁLEZ CEMBELLÍN, J.M.: Reflejos de Flandes. La escultura mueble Tardogótica en Bizkaia, Eleiz Museoa Bizkaia, Bilbo, 2011, 23-50. orr.
- horri buruzko bibliografia ezagutzeko:
MUÑIZ PETRALANDA, J.: Una mirada desde el arte a la Bizkaia del siglo XV, DACOSTA, A., DE LA TORRE, S. eta DÍAZ DE DURANA, J. R. (coords.): Nos esse quasi manos. José Ángel García de Cortazaren Vizcaya en el siglo XV. Aspectos económicos y sociales (1966) argitalpena gogora ekarriz, San Soleil Ediciones, Gasteiz, 2021, 161-171. orr.
Portada irudia: Erdi Aroaren amaierako Bilbo hiribilduaren maketa. Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Museoari (Bilbo) egindako donazioa (gaur egun, Bilboko Itsasmuseumen ikusgai).