Txorierriko bendejeren ibilbidea.

Ibilbide gidatu honen bidez, Txorierriko bendejeren memoria berreskuratu nahi da, baserrietatik azoketara egindako urratsei jarraituz. Egunero Bilboraino egiten zituzten bidaiak gogoratuko ditugu, esnea eta baratzeko produktuak saltzeko, bai astoen gainean ibiliz, bai Lezama, Zamudio, Derio eta Sondika Bilborekin lotzen zituen trenean. Horrela, Txorierriko baserrietan egin zuten eta egiten jarraitzen duten lan baliotsua ezagutuko dugu.

Bideak eta ubideak, gure ondarearen lekuko.

Bidez bide eta ubidez ubide, taldeak udalerriko leku eta errota esanguratsuenak bisitatuko ditu, Amagoia Guezuraga historialari zamudioztarraren gidaritzapean. Bide eta ubideak abiapuntu hartuta, ondare materiala eta ondare inmateriala lotuko dira, bizilagunen jarduerak, ohiturak eta harreman-sarea erakusteko, pasadizo ugari entzun ahala.    

Zamudioko baserrien izena eta izana

“Zamudioko baserriak” (Zamudioko Udala, 2023) argitalpenari buruzko hitzaldia, udalerriko baserrien izenak ezagutzera emateko eta izen horien balioa nabarmentzeko. Baserrietako bizilagunek, hezkuntzako eta administrazioko erakundeek eta zamudioztar guztiek, ahoz zein idatziz, baserrien izenak zabaltzearen garrantzia azpimarratuko da.