Zamudioko baserri zaharrak eta erabilera berriak

Zamudioko baserri zaharren erabilera berriak eta kontserbatzeko irizpideak azalduko dira batetik, eta baserriak etxebizitzatan banatzeko udal-ordenantzaren berri emango da bestetik. Hitzaldi bata eta bestea, hurrenez hurren, Garikoitz Arcelus Roteta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarea zerbitzuko arkitektoak eta Nerea Benítez Olalde Zamudioko Udaleko arkitektoak emango dute.
Kadaltso baserria birgaitzeko obra

Kadaltso baserria baserri bikaina da, euskal baserrien lehen belaunaldikoa. Hori dela eta, Udalak jabeei erosi zien, eta, geroago, birgaitze-proiektua idatzi zuen. Obra 2025eko urtarrilean hasi zen. Proiektua idatzi duen Gabriel Fernandez- Abascal Gonzalez-Valdes arkitektoak eta Ana Etxeandia Sagasti udal arkitektoak Zamudioko ondare arkitektonikoaren harribitxi honen birgaitze prozesua azalduko eta erakutsiko digute.
Zamudioko baserrien izena eta izana

“Zamudioko baserriak” (Zamudioko Udala, 2023) argitalpenari buruzko hitzaldia, udalerriko baserrien izenak ezagutzera emateko eta izen horien balioa nabarmentzeko. Baserrietako bizilagunek, hezkuntzako eta administrazioko erakundeek eta zamudioztar guztiek, ahoz zein idatziz, baserrien izenak zabaltzearen garrantzia azpimarratuko da.