Bide neandertalak

Egilea: Joseba Ríos Garaizar

Arkeologoa eta ikertzailea

Egungo Euskal Herriko lurraldean neandertalen presentzia handia egon zen, batez ere, duela 100.000 eta 45.000 urte bitartean. Hauek dira aztarnategi ezagunenak, ekialdetik mendebaldera: Gatzarria, Isturitz, Baiona, Abauntz, Ipar Mugarduia, Amalda I eta III, Lezetxiki, Axlor, Arlanpe, Arrillor, Aranbaltza I eta III eta Ventalaperra. Lurraldeak aniztasun geografiko handia du, eta handitasun hori gertaera hauek areagotu egin zuten: azken glaziazio arteko alditik (115-90 mila urte) izandako eraldaketa geomorfologiko sakonak, gertaera glaziar zorrotzak (85-70 mila urte) eta ezegonkortasun klimatiko handiko aldiak (65-45 mila urte). Aldaketa horiek landare-paisaian edo animalia-espezieen banaketan islatzeaz gain, aldi hotzenetan lautada handiak azaleratu zituzten kostaldean, eta goi-mendiko zenbait eremu iraganezin bilatu ziren. Lurralde haren dibertsitate geografiko handiak ekarri zuen baliabideak modu heterogeneoan bana zitezen, eta lau ekotono handi bereizi ziren: kostaldeko lautadako zerrenda, Kantauriko haranak, mendialdeak eta barnealdeko lautadak. Gainera, funtsezko beste baliabide batzuek, hala nola lehengai litikoek edo haitzulo eta harpe naturalek, banaketa kaotikoa dute, geomorfologiaren beraren eraginez baino, substratu litologikoaren eraginez. Esaterako, silexaren banaketa bost azaleratze handitan biltzen da, hain zuzen, Kurtzian, Bidachen, Trebiñun, Lozan eta Urbasan, zeinak neandertalentzat benetako erakargune izan ziren.

1. irudia. Mapa horretan Euskal Herriko Erdi Paleolitoko aztarnategi nagusien banaketa agertzen da, kobakoak (zirkulu zuria) eta aire zabalekoak (zirkulu horia).

Hala ere, muga ugari daude neandertalen mugikortasun-estrategiak aztertzeko. 250.000 urtez aktibo egon diren lekualdaketa-ibilbide nagusiez aritzeak, neandertalen eta, azken batean, Paleolitoan egungo Euskal Herriko lurraldean bizi izan ziren gainerako espezieen mugikortasun-estrategien aldakortasuna eta konplexutasuna ahalik eta gehien murriztea dakar. Lehenik, kontuan izan behar dugu ehiztari-biltzaile taldeek hainbat mugikortasun-mota zituztela: migrazio gisa defini dezakegun eskala handiko mugikortasuna, bai geografikoa, bai aldi baterakoa; urtaroko mugikortasun-eskala, eskuarki eskualde zabal baten barruan animalia-taldeei jarraituz; eguneroko mugikortasuna, kokaguneetatik, hainbat baliabide batu eta prozesatzeko; eta banakako mugikortasuna, gizabanako bat edo talde bateko kide gutxi batzuk, askotariko arrazoiengatik, urrutiko lekuetara mugitzen zirenean edo beste talde batzuetan integratzen zirenean gertatzen zena.

Halaber, ez dugu ahaztu behar eguneroko mugikortasun-zikloa urtaroko zikloaren barruan sartzen dela, eta ziklo hori eskala handiko mugikortasun-prozesuen barruan sartzen dela. Azkenik, ulertu behar dugu erregistro arkeologikoak berak mugak jartzen dizkiola talde paleolitikoen mugikortasuna aztertzeari. Induskatzen eta aztertzen ditugun aztarnategi gehienak denboraldi luzeetan zehar egindako bisiten metaketaren emaitza dira; hortaz, palinpsesto horiek makaltzea ez da kontu erraza, eta, askotan, zuzenean ezinezkoa.

2. irudia. Kurtziako itsaslabarren bista; horietan neandertal taldeak kalitate handiko silexez hornitu ziren.

Urtaroko mugikortasunaren adibideak lehengai litikoen jatorria aztertzen dugunean aurkitzen ditugu. Arlanpen eta Amalda III aztarnategietan Chalosseko azaleratzearen silexa dokumentatu da; Chalosse Landetan dago, aztarnategi haietatik 100 kilometro baino gehiagora, baina ohikoa da aztarnategietatik 50 kilometro baino gehiagora dauden azaleratzeetako silexa aurkitzea. Urtarokotasunari buruzko datuak ere baditugu, urtaroko mugikortasun sentsazioa indartzen duten animalia-hondakinen analisi isotopikotik lortutakoak, litekeena da, apodun handien saldoen atzetik joateko. Gainera, badaude ebidentziak Erdi Paleolitoan funtzio desberdineko aztarnategiak egon zirela baieztatzeko, eta aztarnategi berak ere funtzio desberdinak izan zituela. Nolabaiteko iraupeneko aztarnategiak daude, aire zabalean (Aranbaltza I) eta koban (Axlor), ehizarako toki garaietan (Amalda III), tailerretan (Le Prissé) eta okupazio iragankorretan (Artekale 6). Aztarnategiak aurkitzen ditugu kostaldean (Zerratu, Aranbaltza I), Kantauri itsasoko ertzetik Arabako lautadara igarotzeko mendateetatik gertu (Lezetxiki, Axlor, Arrillor), haran handien elkarguneen ondoan (Arlanpe) edo urrutiko ibarretan (Amalda I). Goi-mendiko giza kokaguneak ditugu (San Adrian, Ipar Mugarduia), baita oso altitude txikian daudenak ere (Chémin de Jupiter, Abri Olha). Eremu batzuetan aztarnategi ugari biltzen dira, hala nola Uribe Kostan edo Urkiola inguruan, eta beste eskualde batzuetan, ordea, oraindik ez da neandertalen presentziaren ebidentziarik aurkitu, esaterako Oriako haranean. Urtaroko mugikortasuna erakusten duten beste adibide batzuk harrizko tresnen hornidura ziurtatzeko estrategien plangintzan aurkitzen ditugu, lehengaia urria zen eremuetara joaten zirenean. Plangintza horren adibide batzuk Axlor aztarnategiko Quina motako harraskagailuen kudeaketan edo Amalda I eta Axlor aztarnategietako miko harri-printzen taillaketan aurkitzen ditugu.

3. irudia. Amalda I (eskuinaldean) eta Amalda III (ezkerraldean) kokaguneen egungo itxura.

Eguneroko mugikortasuna aztertzeko, hainbat aztarnategitatik (Axlor, Amalda I, Arrillor, Lezetxiki, Arlanpe edo Askondo) mugitzeko ereduak taxutu dira, eta lan horri esker, lurralde irisgarriak egun bakar batean ezagutzeko aukera izan dugu. Adibide batzuk, hala nola Amalda I edo Arlanpe, harrigarriak dira, lurralde txiki samar batean neandertalek askotariko inguruneetako baliabideak (ura, landareak, animaliak eta arrokak, besteak beste) eskuratu ahal izan zituztelako.

Banakako mugikortasuna dokumentatzea oso zaila da. Izan ere, Europako hainbat aztarnategitan analisi isotopikoak egin dira neandertalen hezur-hondarretan, gizabanakoen mugikortasun zehatza aztertzeko, baina Asturiasko El Sidrón aztarnategian patrilokalitate-estrategia bat dokumentatu zen, zeinaren arabera gizonak jaiotza-taldean geratzen ziren eta emakumeak familia-nukleoz aldatzen ziren.

Adibide horiek guztiek mugimenduan zeuden neandertal taldeak erakusten dizkigute. Talde haiek paisaian banatutako baliabideak modu eraginkorrean aprobetxatu zituzten; horrenbeste, non gure lurraldean 50 mila urtetik gorako historia luzea eta arrakastatsua izan baitzuten.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago