Zatoz Erdi Aroko eta Antzinatasuneko Bizkaiko haizeoletan egindako lan-baldintzak eta prozesu osoa erreproduzitzen saiatzea helburu duen esperimentu zientifiko honetara. Ezagutza tekniko galdua da hauxe, 2000 urte inguruz burdina eskuz “urtzeko” erabilia (XIII. mendean burdinola hidraulikoak iritsi ziren arte) eta arkeologook gure lurraldean hainbat aztarnategitan dokumentatu ahal izan duguna. Antzinako burdinari buruzko gure ikerketa programak, indusketek emandako plano arkeologiko hauek erreproduzituz, honakoa bezalako arkeologia esperimentaleko lantegi bat martxan jartzea ere aurreikusten du. Era horretan Antzinako maisu olagizonen larruan sartu eta indusketek “galdaketa” izeneko prozesu teknikoari buruz eman ezin dizkiguten xehetasun gehiago ezagutu nahi dugu, hala nola beharrezko denborak eta beste hainbat. Gaur egun Europa osoan aztertzen ari den prozesu teknikoa da, eta oraindik arkeologo espezialista bakar batek ere ezin izan du bere osasunean eskuz berregin, nahiz eta lortzetik oso hurbil gauden. Horrexegatik da interesgarria guretzat ikertzaileentzat eta baita bizkaitarrontzat ere, gure arbasoak mundu osoan aintzatetsi baitzituzten haien burdin-lanaren kalitateagatik.
Jarduera hau Portugaleten itsasadarraren ondoan, Rialia Industria Museoaren aurrean, egiteko arrazoia, aurten Ondarearen Europako Jardunaldiak bide, sare eta loturei buruz izatea da. Kasu honetan Portugaleteko goialdean garai bateko haizeola bat zegoela
dakigu, “Escurial” deituriko gunean, nahiz eta gaur egun desagertuta dagoen. Bertako olagizon maisuak leku hori aukeratu zuen Meatzaldeko mendietako burdin mea hiribildura sartu ta ontzirateko bide tradizionalaren ondo-ondoan zegoelako, era horretan lehengaiaren hornidura ziurtatzen baitzuen. Portugaleten duela gutxi egindako indusketa arkeologikoek, burdinaren bide horren presentzia baieztatzen dute, baita 1322an hiribildua sortu aurretik ere.
Jarduera zientifikoa publiko orokorrari irekita dago eta interesa duen orori emango zaio prozesuaren berri. Etengabe erregistratzen ari den esperimentuaren baldintzak direla eta, zuzenean parte hartzeko aukera murritza izango da batez ere, unearen araberakoa.
Arkeologia esperimentaleko tailerra. Portugaleteko “el Escurial” haizeola berregitea, erdi aroko burdingintza tailerra.
Eguna
- 2024 Urriak 27
- 11:00 am
TOPAGUNEA
Ekintzaren hizkuntza
ANTOLATZAILEA