1983KO ABUZTUKO UHOLDEAK

Egilea: José Mª González-Pinto Arrillaga. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekano-presidentea

1983ko abuztuaren 26a Bizkaiko memorian bere historiako egunik dramatikoenetako bat bezala markatuta geratuko den data da. Egun horietan Bilbon “Aste Nagusia” ospatzen ari zen

Tanta hotzeko gertaera batek euri-jasa handiak eragin zituen zenbait egunetan zehar, baina abuztuko ostiral hartan euria ordura arte ezagutzen ez zen intentsitatera iritsi zen, 503 l/m2 kontabilizatu zirelako. Hondamendiak 43 pertsona hil zituen eta beste 5 pertsona desagertu ziren, eta, horrez gain, kalte material izugarriak eragin zituen. Kalte horiek pezeta zaharretan ebaluatuta 200.000 milioikoak izan ziren. Hiria ur eta elektrizitate hornidurarik gabe geratu zen aldi baterako, eta milaka pertsonak etxebizitzak galdu zituzten.

Hondamendiak Bilbo Metropolitar osoari eragin zion, baita Bizkaiko eta Arabako Nerbioi eta Ibaizabal ibaiertzetako beste herri batzuei ere.

Laudio.

Horrelako gertaerak berriro gertatzeko aukera gero eta handiagoa dela kontuan hartuta, nola joka dezakegu gure hirietan horrelako ezbeharrei aurre egiteko eta bertako biztanleak eta ondare fisiko eta ez-materiala babesteko?

Elkartasuna, alde positiboa

Gutxienez 1983an jasan genuen tragediak aurpegi positiboa izan zuen; herritar arrunten, ordena-indarren, armadaren, suhiltzaileen, beste komunitate batzuetatik etorritako boluntarioen eta, nola ez, arkitekto bizkaitarren elkartasuna. Duela pare bat urte gauza bera gertatu zen, 2024an Valentzian gertatu zen goi-geruzetako depresio  isolatuarekin (GOIDI), orduan ere kaltetutako eremuak berreraikitzen eta lehengoratzen lagundu zuten arkitekto boluntarioen talde bat sortu zenean.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko ordezkaritzak, garai hartan Elías Mas arkitektoa buru zela, zirkular bat kaleratu zuen irailaren 1ean, tragediak eragindako kalteen txostenak, peritazioak eta balorazioak egiteko  elkargokideen lankidetza eskatuz.

Zirkularrean azpimarratzen zenez, “[…] De todos estos trabajos que se realicen la Delegación no exigirá el pago de honorarios a los afectados, y por lo tanto, en principio, se entiende que los Arquitectos que se ofrezcan para este servicio lo hacen incondicionalmente […]”.

Lekeitio.

Beste ezer egin aurretik, lehenik eta behin, zorrotz ebaluatu behar zen milaka higiezinen egoera, egiturazko arriskuak identifikatu behar ziren eta informazio tekniko fidagarria eman behar zen, administrazio publikoei berreraikuntza planifikatzeko eta, batez ere, eragindako herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak zehazteko aukera emateko. Arkitektoen kolektiboari aparejadoreena gehitu zitzaion, eta lankidetza horri esker proiektuak aurrera atera ahal izan ziren.

Elkargokideen erantzuna, erantzukizun sozialari eta konpromiso profesionalari dagokienez leial jokatuz, masiboa izan zen eta hasiera batean herri kaltetuenen artean banatu zen: Laudio eta Amurrio Araban, eta Bilbo, Basauri, Galdakao, Erandio, Bermeo, Arrigorriaga, Etxebarri edo Ugao-Miraballes… Bizkaian.

Arkitektoak eta Ondarearen babesa

Bigarren fase batean, arkitekto boluntarioen lana uholdeek gehien kaltetutako eremuan zentratu zen: Bilboko Zazpi Kaleetan. Urak gutxienez mila saltoki suntsitu zituen, eta 600 bat eraikinetako beheko solairuak kaltetu zituen, gehienak zurezko egituraz eraikita zeudenak. Arkitektoentzat Zazpi Kaleak Bilboko hiriaren bihotza dira, eta bertan sortu eta hazi zen hiribildua eta gaur egun ezagutzen dugun merkataritza-hiri bihurtu zen; horregatik beti izan du interes berezia kolektiboarentzat, bere balio historiko, urbanistiko eta arkitektoniko handiagatik.

Ildo horretatik, irailaren 19an, Bilboko Udaleko Udal Batzorde Iraunkorrak Premiazko Jarraibideen Protokolo bat onartu zuen aho batez, txostenen edukia arautuz eta berreraikitze-lanak errazteko neurriak ezarriz. “Eragindako lokalak txukuntzeko, berreraikitzeko, eraberritzeko eta finkatzeko” lizentziak lortzea arintzen eta errazten zuen mekanismoa zen, bilkura hartako aktan jasotzen den bezala.

Udaleko administrazio-espedientean jasotako ekipoen zerrendaren laburpena. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren Agiritegia.

Zazpi Kaleak 15 zatitan banatu ziren Birgaitze Integraleko Plan Berezi baten arabera, eta 15 talde osatu ziren. Talde horietan hogeita hamar urtetik gorako esperientzia zuen arkitekto bat zegoen (taldearen arduraduna zena), hamabost urtetik gorako esperientzia zuen arkitekto bat, bi arkitekto gazte edo gehiago eta bi edo hiru aparejadore. Boluntarioen talde osoa 55 arkitektok eta 35 aparejadorek osatu zuten.

Hortik aurrera, monumentu-multzoko eraikin guztiak aztertu ziren, urak eragindako  ustezko patologiak aztertuz. Txosten teknikoaren eredu bateratu bat sortu zen, denborak murrizteko eta berreraikuntzak arintzeko aukera ematen zuena. Kaltetuenak izan ziren eremuen artean Areatza, Erriberako merkatuaren gunea eta Arte eta Lanbide Eskola Zaharra eta Plaza Berriaren inguruak zeuden, eta kale kaltetuenen artean Askao eta Esperantza  zeuden. Era berean oso kaltetuak izan ziren Enkarnazioko komentua Atxurin, edo Mallonako hegala, Sendejako atzeko aldetik.

Txosten-eredua. EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren Agiritegia.

Ondo egindako lanaren poztasuna

Boluntarioentzat eta, bereziki, gazteenentzat oso esperientzia aberasgarria izan zen giza eta lanbide ikuspegitik. Doan burutu zen lana izan zen, eta zerbitzu garrantzitsua eman zitzaien Zazpi Kaleetako bizilagunei eta Bilboko hiri osoari.

Lanak amaitu ondoren, orduko Bilboko alkatea zen José Luis Roblesek boluntarioak deitu zituen udaletxeko areto arabiarrera. Ekitaldi xume batean egindako lan guztia eskertu zuen eta Bilboko armarria zuen gorbata oparitu zien parte-hartzaileei

AZALAREN ARGAZKIA: Bilbao 1983 abuztua.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

2026eko gaia
gure eskuetan

Ondarea Bizkaia

Ondarearen Europako Jardunaldiak

BizkaiKOA
María Díaz de Haro, 11-1ª
48013 Bilbao

Jarraitu gure sare sozialak:

Newsletter

Irakurri gure pribatasun politika informazio gehiago lortzeko. | Más información sobre nuestra política de privacidad

DBEO onartzen dut / Acepto el RGPD 

Newsletter

Irakurri gure pribatasun politika informazio gehiago lortzeko. | Más información sobre nuestra política de privacidad

DBEO onartzen dut / Acepto el RGPD