Barrutik babestea: labar-artearen kontserbazioa jomugan

Egilea: Diego Garate Maidagan. Unibertsitateko irakaslea. Kantabriako Unibertsitatea

Pentsamendu sinbolikoa gizateriaren bilakaeraren mugarri behinenetakotzat jotzen da. Ondare bakar eta jatorrizko hori ondoen ageri zaigu azken glaziazioaren amaierako haitzulo apainduetan. Adierazpide horren adierazkortasunak, haren indarrak eta monumentaltasunak milaka urte geroago ere hunkitzen gaitu, baina esan beharra dago ondare hori zaintzen zaila dela. Labar-arteak erronka ugari dakartza. Jendeari sarbidea mugatzea edo haitzuloak ixtea konponbidea izan daiteke, hein batean, baina klima-aldaketaren eta eraldaketa handien egungo testuinguruan, diagnostikoa hartu beharreko erabakiak bezain konplexua izan daiteke edo are konplexuagoa.

Ondareaz dihardugunean, begien bistan ditugunak datozkigu burura: eliza bat, herrigune historiko bat, burdinola bat, ermita edo baseliza bat, aztarnategi arkeologiko bat… Alabaina, ondare hauskor eta baliotsuenetako batzuk ia-ia ez dira ikusten. Ilunpetan egoten dira, lurpean, hau da, halako leku ilunetan, non denbora lurrazalean moduan igarotzen ez dela dirudien. Han, haitzuloen barruan, gizateriaren lehen adierazpen artistikoak daude erakusgai.

Paleolitoko labar-artea ez da testigantza arkeologiko hutsa. Sakoneko memoria da. Gure espeziea —Homo sapiens— Europara duela 40.000 urte iritsi zenetik irudi bihurtutako pentsamoldea da. Eta horregatik, hain zuzen, haren kontserbazioa eta zaintza ezin da bigarren mailako zeregin gisa ulertu, ezta arazo tekniko soiltzat jo ere. Erantzukizun kolektiboa da, UNESCOk Gizateriaren Ondarearen izendapena emateari doakion legez.

Bizkaian, Santimamiñe, Atxurra edo Armintxe kobazuloak ditugu ondare horretako ondasunak, baina esandako aitorpenak ez ditu ezin hautsizko bilakatzen. Bestela esanda, ondare-ondasun bat zenbat eta apartekoagoa izan, orduan eta handiagoa da hura babesteko erantzukizuna. Paradoxa ageri-agerikoa da: badirudi kobazuloak betikoak direla, baina, egiatan, txit hauskorrak dira.

Ondare hori ere aldatu egiten da

Luzaroan pentsatu zen Paleolito garaiko artea gordetzen duen kobazulo bat kontserbatzea, batik bat, gizabanakoen sarbidea mugatzean eta oinarrizko zenbait ingurumen-parametro kontrolatzean zetzala, hala nola tenperatura edo hezetasuna. Gaur egun, badakigu hori egitea ere ez dela nahikoa.

Kobazuloak ez dira eremu estatikoak. Sistema biziak eta dinamikoak dira. Arnastu, ura iragazi, gasak metatu, mikroorganismoak erakarri, kondentsazioa jasan, kareharrizko geruza berriak eratzen eta, batzuetan, materia ere galtzen dute. Arroka aldatu egiten da. Euskarria bihurtu egiten da. Eta horrekin batera, pinturen eta grabatuen kontserbazio-egoera ere aldatzen da.

Hau da, ez da nahikoa orainaldiari begiratzea, etorkizuna ere iragarri behar da. Beraz, funtsezko galdera ez da kobazulo horiek gaur egun zelan dauden, datozen urteetan haitzuloen kontserbazioa zer prozesu bizik eralda lezaketen baino. Eta galdera horri erantzutea premiazkoa da klima-aldaketak behartutako testuinguru batean.

Arriskua ez dago beti ikusgai

Ondarea mehatxatzen duten arriskuez ari garenean bandalismoa, espoliazioa edo zuzeneko suntsipena darabiltzagu buruan. Askotan, baina, isil-isilik dator benetako arriskua.

Tenperatura pixka bat igotzea hainbat urtetan jarraian. Barrunbearen aireztapen naturala pitin bat aldatzea. Kanpoko sustraiak sartzea. Biofilm mikroskopikoak ugaritzea arrokaren gainean. Saguzarrak ugaritzea. CO2-a apurka-apurka metatzea. Ur-tanta bat beti leku berean jaustea. Begien bistan, ez deritzogu dramatiko aurreko guztiari. Baina aurreko guztiak apurka-apurka moldarazten du kobazuloaren oreka.

Esaterako, kobazulo batzuetan, tenperatura 1°C-tik gora igotzeko joera antzeman da azken hamarkadan, baita bisitagarriak ez diren eta ikuslerik ez duten esparruetan ere. Bestetik, udako hilabeteetan, CO2-ren kontzentrazio handiak erregistratu dira gune jakin batzuetan, aireztapen naturaleko arazoei lotuta. Adierazle horiek klima-aldaketaren eraginaren eta planeta osoan dituen ondorio itzulezinen lekuko argiak dira.

Guk ere aztarna uzten dugu

Esan barik doa aldaketa guztiak ez direla naturalak. Gaur egungo mehatxu askok giza jatorria dute, eta horietako hainbat duela hamarkada gutxi batzuetatik hasi ziren. Sarbideen irekiera artifiziala, hirigintza-presioa, ate hermetikoen instalazioa, bisita turistikoak errazteko aldaketak, bero-fokuekiko argiztapena, grafiti historikoak edo baita antzinako suak ere, zeharo aldatu dute koba askoren barne-dinamika.

Santimamiñe kasu paradigmatikoa da. 1916an, bertako labar-artea aurkitu zutenetik, barrunbea eraldatu eta urbanizatu egin zen, bisita errazteko: pasabide estuak zabaldu ziren, harrizko euskarri naturalak hautsi ziren eta jatorrizko sistematik kanpoko egiturak instalatu ziren. Horrela, barrunbeko barne-dinamika guztiak aldatu egin ziren, eta labar-artea larriki hondatu zen. 2005az geroztik, kobazuloaren barrualdea itxita dago jendearentzat, eragin horiek leuntzen dituen egonkortasunaren bila.

Santimamiñeko koban beltzez margotutako zaldi bat ezkatatzeko prozesua. 1956ko argazki bat eta 2021eko beste bat alderatzea (Kobabes proiektua)

Kontserbatzea ez da ixtea, ulertzea da

Irtenbidea ez da haitzuloak ixtea. Ondarea egoki kontserbatzeko ez da mundutik isolatu behar; nola funtzionatzen duen ulertu behar dugu, ondo zaintzeko. Monitorizazio adimendunean eta prebentzioan dago gakoa. Labar-artearen osasunari buruzko diagnostiko ona lortuz gero, etorkizuneko bilakaera xehetasunez ezagutuko dugu, eta, behar izanez gero, haren eragina arintzeko neurri egokiagoak hartu ahalko ditugu.

Labar-artearen kontserbazioa Arkeologia, Geologia, Biologia, Kimika eta teknologia digitalak ezkontzen dituen diziplinarteko metodologia batek besterik ezin du bermatu, ahulguneak identifikatzeko eta, ahal den neurrian, kaltea konponezina izan aurretik jarduteko.

Haitzuloak eta horma apainduak geomorfologikoki kartografiatzen dira, gaur egun eta iraganean pairatu dituzten afekzioak ezagutzeko. Abian dauden gertakariak aztertzen dira, hala nola iragazketak, korrosioa, pigmentuaren alterazioak, espeleotemen eraketa edo kolonizazio biologikoa. Giro-parametroak ere erregistratzen dira, hala nola hezetasuna, tenperatura eta CO2-ren kontzentrazioa . Kontua ez da artearen gainean esku hartzea, ezpada, haren seinalei adi egotea, beranduegi izan baino lehen.

Santimamiñeko haitzuloko landa-lanak, haitzuloko prozesu fisiko-kimikoen kartografia geomorfologikoa egiteko.

Prozesu aktiboak Santimamiñeko haitzuloko panel nagusian (Kobabes proiektua).

Egiazko arriskua: ahaztea

Bada hezetasuna, CO2-a edo biofilmak baino mehatxu are handiagorik. Gizarte-hutsunea. Gizartearen eta ondarearen arteko deskonexioa dugu, ziurrenik, epe luzerako arriskurik handiena. Kobazulo bat gure nortasunaren historiatzat aitortzeari uzten diogunean, haren narriadura ez zaigu premiazkoa iruditzen. Ondarea hil egiten delako ikusezin bihurtzen denean.

Horregatik, kontserbazioa ezin da espezialisten esku bakarrik utzi. Zientzia beharrezkoa du, bai, baita hezkuntza, herritarren parte-hartzea eta konpromisoa ere. Ikastea, bat egitea, parte-hartzea. Ohartaraztea, salatzea, jardutea. Ezagutza sortzea, eskuragarri egitea eta kolektiboki defendatzea.

Bisonte bakoitzak, zaldi bakoitzak, arrokan margotu edo grabaturiko zeinu bakoitzak milaka urtetan iraun du klima-aldaketari, gertakari geologikoei eta paisaia osoak desagertzeari aurre eginda. Ondare horren mehatxurik handiena gure axolagabekeria izatea litzateke, beharbada, paradoxarik xelebreena.

Atxurra haitzuloko panel nagusia errealitate birtual zientifikoaren bidez berreraikitzea (Berriatua, Bizkaia)

Erabakitasunaren beharra daukan ondarea

Ondarea kudeatzea gizarte osoarena den ondareaz arduratzea eta hura iraunaraztea da. Gainera, kasu honetan, gizateriaren izatearen hastapenak ageri dira Paleolitoko labar-artearen berri ematen diguten irudietan. Herentzia hori galtzea gure izatearen zati handia galtzea litzateke.

Apaindutako kobazuloak zaintzeaz arduratzen diren administrazioen betebeharra da haien kontserbazio-egoera diagnostikatzeko tresnak abian jartzea, bai eta gizarteari ondare hori ezagutzera emateko eta gozatzeko aukera ematen dioten ekintzak sustatzea ere. Horrela bakarrik ulertu eta zaindu ahalko dugu gizaki egiten gaituena.

Bibliografía:

Garate, D. (2017). Los primeros artistas de Bizkaia. Las cuevas decoradas durante el Paleolítico. Kobie, serie Anejo, 15, Diputación Foral de Bizkaia, Bilbao. 

Garate, D., Arriolabengoa, M., Intxaurbe, I., Salazar, S., Torres, A., Cheng, H., & Pérez-Mejías, C. (2025). Cave art resilience: An interdisciplinary proposal for monitoring the state of conservation in Santimamiñe, Lumentxa, and Altxerri heritage sites (northern Iberian peninsula). Archaeometry, 67(5), 1061–1080. https://doi.org/10.1111/arcm.13072

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Ondarea Bizkaia

Ondarearen Europako Jardunaldiak

BizkaiKOA
María Díaz de Haro, 11-1ª
48013 Bilbao

Jarraitu gure sare sozialak:

Newsletter

Irakurri gure pribatasun politika informazio gehiago lortzeko. | Más información sobre nuestra política de privacidad

DBEO onartzen dut / Acepto el RGPD 

Newsletter

Irakurri gure pribatasun politika informazio gehiago lortzeko. | Más información sobre nuestra política de privacidad

DBEO onartzen dut / Acepto el RGPD