Egilea: Joaquín Cárcamo Martínez, aparejadora eta ondarearen dibulgatzailea.
Toribio de Ugalde enpresari bilbotarrak Bilboko Mesedeetako kaian zuen irin fabrika handitu eta modernizatzeari ekin zion XIX. mendearen amaieran. Arrakasta handia lortu zuen Hennebique sistema erabiliz gaur egun arte iritsi den hormigoi armatuzko eraikin berria eraiki zuelako
Toribio de Ugalde y Molinuelo 1839. urtean Haron jaio zen errioxar industrialaria izan zen. Gaztetatik Bilbon finkatu zen, eta Juan de Zabalak eta Fermin de Arnedok Mesedeetako kaian zuten irin fabrika erosi zuen 1890. urtean. Fabrika hori 1873. urtean eraiki zuten, harrizko hormak eta zurezko egitura erabiliz, Severino de Achucarro arkitektoaren proiektuari jarraiki. Beranduxeago, 1891n, Ceres Konpainia Anonimoa sortu zuen beste enpresari batzuekin, irinak fabrikatzeko eta zerealak salerosteko helburuarekin, hamar urtez hain zuzen ere..
Baina mende amaiera gorabeheratsua izan zen irin industrietarako, nahiz eta aurreko urteetan berrikuntza handia egin. Bilboko hamabi irin fabrikak aurre egin behar izan zieten galera konolialen ondorioei, Europako gobernuen neurri protekzionistei eta Frantziako irinen inportazioaren hazkundeari. Ugaldek konpainiatik ateratzea pentsatu zuen, kapital zabalkuntza baten bidez, baina zalantzarik gabe eraldatzea zen benetako helburua, enpresak aurrera jarrai zezan. Zabalkuntza horrekin, fabrika berria eraiki, zegoena birmoldatu eta makinak berritu behar ziren. Horrez gain, sozietatea garai berrietara egokitu behar zen..
Ugaldek fabrika berria eraikitzeari ekin zion 1899 eta 1900 urteen artean, aurrekoaren mehelin gisa jarriz, eta ondoren, antzinako errotaren eraikina berriztatu eta handitu zuen, biltegi bihurtzeko. Nolanahi ere, azken eraldaketan indarreko eraikuntza material eta sistemak –haritz zutikoak, burdinurtuzko kolomak, profil ijeztuak eta burdinazko gapirioak– erabili bazituen ere, fabrika berria eraikitzeko garai hartan hasberria zen teknologia erabili zuen: hormigoi armatua.

Eta horretan dago, zalantzarik, La Ceres fabrikaren ondare baliorik handiena, hots, bere egitura aitzindarian. Eraikina «Espainian Hennebique sistema erabiliz hormigoi armatuz osorik eraiki zen lehen obra» bihurtu zen. Zergatik erabaki zuen Toribio de Ugaldek teknika berria hain modu berritzailean erabiltzea bere fabrika berria eraikitzeko? Ziur asko hiru arrazoirengatik. Lehendabizi, hormigoi armatuaren erabilera azkar hedatu zuelako Europan François Hennebique frantziar ingeniariak eta enpresariak, izan ere, bere sistema patentatzeaz gain, urte gutxi batzuk lehenago bere egoitza ireki ere egin zuen Parisen, 1892. urtean. Espainian, berriz, 1896tik finkatu zen. Bigarrenik, irin fabriketan suteak gertatzeko mehatxu historikoa betiko desagertuko zela zin egin zuen Hennebiqueren publizitateak (1897-1898an Caramujok Portugalen zuen irin fabrika berreraiki zuen enpresa horrek, zortzi urte besterik ez zuenean sute batek hondatu baitzuen. Azkenik, Federico bere semea arkitektura-ikasketak amaitzen ari zelako, eta seguruenik Hennebiqueren sistema jadanik ezagutzen zuelako.
Gabriel Rebollok, Espainian Hennebique etxearen ingeniari burua zenak, bere aurrekoaren esku utzi zuen proiektuaren erantzukizuna, Ramon Grotta bide ingeniariaren esku hain zuzen ere. Jatorrizko proiektuaren ardura ulertzen da, argitaratutako fatxada ez datorrelako bat azkenean eraikin zenarekin, agian Toribioaren semea zen Federico Ugalde arkitekto gazteak proiektatutakoa.
Zalantzarik gabe, argitaratu zen baina egin ez zen proiektuak askoz ere irtenbide modernoagoa jasotzen zuen, fatxadaren osaerari zegokionez. Mantsarda oinplanoa izan ezik, karga-hormaren zortasunetik libre dagoen arkitektura da, eta argiztapen naturalaren eta aireztapen beharrei buruz zeuden teoria higienistak aplikatzen ditu. Konposizioan pilareek markatutako lerrokadura bertikalak nabarmentzen dira. Bestalde, pilareek beira handiak markoztatzen dituzte. Ez dago hegal, balkoi edo begiratokirik, konposizioa sinplea da eta beiraz hornitutako azalerak uniformeak eta zabalak dira. Beraz, erabat industriala den eraikin baten aurrean gaudela esan daiteke. Hala ere, mantsarda estalkiak eta pilare eta habeei jarritako dekorazioek hiri historikoan egoteagatik antza dagokion apaindura ematen diote.
Baina azkenean egindako fatxadak sendotasun itxura handiagoa du, aurrekoan zegoen beiren arintasunaren aurrean. Zuloen kokapena mantentzen da, eta oraingoan zangoekin eta buru kurbatu irtenekin nabarmentzen dira. Bestalde, mantsardaren leihoen ordez, idi-begiak daude. Multzoan ez da hautematen ez industria erabilerarik, ez eta egituraren proposamen berririk ere. Ez dago hegalik, pilare eta forjatuen lerrokadurek definitutako erretikulak jarraitzen duelako, jada dekoraziorik gabe. Bestalde, harri artifizialez egindako aurrefabrikazio modularra erabiltzen da. Oinplanoan, pilareen arteko argiak 4,10 eta 4,60 m artean daude, eta egitura, mailen arabera, 400 eta 900 kg/m2 arteko gainkargei aurre egiteko prestatuta zegoen. Hormigoiaren fabrikazioan Vicat zementu frantziarrak erabili ziren.

Obra guztiak amaitutakoan, Ugaldek C. A. Ceres konpainia desegin eta Ugalde y Compaña Sociedad en Comandita sortu zuen 1901eko abenduan. Naxako irin fabrika zaharra, biltegi bihurtu zena geroago, Grandes Molinos Vascos S.A. enpresa berriari saldu zioten 1920an, eta honek, Toribioren semea zen Ernesto de Ugalderi birsaldu zion 1927an. Zorrotzako (Bilbo) fabrika berria abian jarrita zegoela, guztiz suntsitu zuen sute batek Gerra Zibilean.
Ugaldek 1900. urtean Naxan eraiki zuen hormigoi armatuko fabrika Bilboko Udalak bahitu zuen 1935ean, eta estatu ogasunari esleitu zioten 1936an, gerra hasi baino bi hilabete lehenago. Gerra amaituta, Jesus Quesada Barriosek, Grandes Molinos Vascos enpresako obligazioduna zenak, Estatuaren aurka auzitan ibili zen, eta eraikina eskuratu zuen enkantean. Hala ere, orduko jabeek eraikin txikia eraitsi zuten 1955ean, eta bosgarren solairuko mantsarda bota zuten. Fatxadaren lerrokadura bertikalak jarraitu zuen, eta geroago beste solairu bat eraiki zuten. Beraz, fabrikak ez zuen bere erabilera bakarrik galdu; jatorrizko proportzioak eta duintasuna ere bai.

Eraikina «berraurkitu» eta hari buruzko monografia bat argitaratu eta gero (Cárcamo; Rosell, 1995), monumentu deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak
(EHAA, 1998/06/09). Ondoren, Bilboko Udalak bere hirigintza egoera aldatu zuen, kaitik hurbil zegoenez, antolamenduz kanpo zegoelako. Horri esker, birgaitu eta bizitegi erabilerarako bideratu zen, Mª Eugenia Ormaetxebarria eta Iñaki Aurrekoetxea arkitektoen proiektuaren arabera. Fatxada berreskuratu zuten (2000-2003 urteetan), egindako handitzeak kenduz, eta mantsarda solairua jatorrizko proiektuaren antzekoa zen irtenbide batekin berreraikiz. Bestalde, beheko solairuan altxaera galdu zen, aterpea jarri baitzuten, SURBISA enpresaren esanetan, «oinezkoentzat zeuden eremu eskasak hobetzeko». Gaur, La Ceres fabrika izan zenaren hiri irudia geratzen zaigu, eta gero eta ezkutuago badago ere, hormigoi armatuko egitura, haren aitzindaria izan zena, eta ondare gisa, baliotsua dena.
OHARRA : Ceres fabrikari buruzko liburua Bizkaiko Aparailari eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren webgunean kontsulta daiteke:: https://www.coaatbi.org/publicaciones-on-line-2
AZALAREN ARGAZKIA: «Minoterie « La Cères » a Bilbao (Espagne). Architecte: M. Ugalde». Le Béton Armé. 1900. Colección del autor.