EAEko arkitekturaren emakume aitzindariak: haien ondarea Bizkaiko lurraldean

Egilea: Veronica Benedet. Doctore arkitekta eta ikertzailea

1950eko hamarkadaren amaiera arte, Espainiako arkitektura-prestakuntza elite sozialetara zegoen mugatuta, eta kopuru itxiko sarrera-sistemek baldintzatzen zuten. Egiturazko oztopo horiek izateaz gain, emakumeek genero-oztopoak ere bazituzten. Matilde Ucelay izan zen Espainiako lehen emakumezko arkitektoa. 1936an lortu zuen titulua, baina hamarkada bat geroago arte ez zioten lan egiten utzi. Irakaskuntza Teknikoak Antolatzeko 1957ko Legearen onespena inflexio-puntua izan zen, estatuko hainbat eskualdetan arkitektura-eskola berriak sortzeko aukera eman baitzuen, eta horrekin nabarmen areagotu zen karrerarako sarbidea. Hala ere, emakumeak beranduago sartu ziren: 1968ra arte, hamar emakumek baino ez zuten lortu titulua Madrilgo eta Bartzelonako eskoletan; eta frankismo osoan, berrogei bat emakumek baino ez estatu osoan. EAEn, 1979an lortu zuen emakume batek lehen aldiz arkitekto titulua (Benedet, 2020: 26-28).

Duela gutxi egindako ikerketa bati esker, 1967tik 80ko hamarkadako lehen urteetara Bilboko hiri-konfigurazioan esku hartu zuten lehen arkitektoak identifikatu ahal izan dira, eta horien ekarpenek oraindik ez dute merezi duten aintzatespena jaso (Benedet, 2024). Emakumeak berandu sartu ziren EAEko arkitekturan, hein batean, 1967ra arte ezin izan zutelako izena eman Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (EHAEO) —lanbidean jarduteko ezinbesteko baldintza—, eta EAEn ez zegoelako arkitektura-eskolarik. 1977an, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoa zabaldu zen.

Muga horiek gorabehera, aldi horretan Bilboko arkitekturan arrastoa utzi zuten lau emakumezko arkitekto identifikatu dira. Dokumentatutako lehen esku-hartzea María del Carmen Mostaza Martínezena da —Carmina Mostaza deitzen zaio —; 1943an jaio zen Madrilen, eta 1966an titulatu zen Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan (ETSAM). 23 urte besterik ez zituela, Bilbora joan zen, eta, han, Celestino Martínez Diegorekin batera, 56 etxebizitzako eraikin bat proiektatu zuen Santutxu auzoan 1966 eta 1967 artean (Benedet, 2024: 64). Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialean (COAM) inskribatuta egon zen, 1995ean hil zen arte.

1. irudia. Karmelo kaleko 3. zenbakian dagoen etxebizitza-eraikina (1967). BUA-AMB, Bilboko Udalaren funtsa. Egilea: María del Carmen Mostaza Martínez

EAEn jaiotako bi arkitektok hartu zuten Mostazaren lekukoa: María Belén Galdós Tobalina eta Esperanza Adrada Berriozabalgoitia. Biek ala biek 70eko hamarkadaren hasieran ekin zioten jarduera profesionalari, eta hamarkada bat baino gehiagoko ibilbide iraunkorra egin zuten Bilbon.

Esperanza Adrada Berriozabalgoitia 1942an jaio zen; 1969an lortu zuen titulua Bartzelonako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (ETSAB), eta Kataluniako Arkitektoen Elkargo Ofizialean erregistratuta egon zen 1988ra arte. Bere obren artean —duela gutxi berreskuratu dira— (Benedet, 2024), proiektu esanguratsuak daude: Zabalbide kaleko eraikin bat handitzea (1972), Fika, Menendez Pelayo eta Juan Viar kaleetan kokatutako 168 etxebizitzako multzo bat (1974), eta, neba Justinorekin batera, 120 etxebizitza eta merkataritza-lokal eraikitzea Miribilla auzoan (1977-1980).

2. irudia. Fika, Menendez Pelayo eta Juan Viar kaleetako etxebizitza-eraikina (1974). Esperanza Adrada Berriozabalgoitia da egilea (argazki propioa, 2024ko apirila)

Bestalde, María Belén Galdós Tobalina 1944an jaio zen, eta 1971n titulatu zen ETSABn, eta EHAEOren Bizkaiko ordezkaritzako lehen emakumezko arkitekto kolegiatua izan zen. Bilboko bere obra nagusien artean nabarmentzekoak dira Jesusen Karitateko Zerbitzarien komentua eta haurtzaindegia (1972), Deustuko zubiaren aurrean dagoen etxebizitza- eta bulego-bloke bat (1978), eta Jesusen Karitateko Zerbitzarien Fundatzaileen egoitzaren birgaitze integrala (1982).

3. irudia. Jesusen Karitateko Zerbitzarien komentua eta haurtzaindegia (1972). María Belén Galdós Tobalina da egilea (argazki propioa, 2024ko apirila)

Hiru aitzindari horiek irekitako bideari jarraituz, 70eko hamarkadaren amaiera aldera dokumentatu zen Maria Victoria Morras Zuazoren lehen obra —Maivi Morrás gisa da ezaguna—. Bizkaian jaio eta 1977an graduatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Bere lehen proiektua Txurdinaga Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa handitzea izan zen 1978an —Fernando Jimenez Dyakidearen kaleko 3. zenbakia, Bilbo—.

Proiektugile gisa egindako lanaz gain, Maivi Morrásek garrantzi handiko rola bete du instituzioetan: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehen emakumezko presidentea izan zen (2002-2008), baita Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Nagusiko lehen emakumezko lehendakariordea ere (2004-2008).

4. irudia. Txurdinaga Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa handitzea (1978) BUA-AMB, Bilboko Udalaren funtsa. Egilea:  María Victoria Morrás Zuazo.

Azken gogoetak

Carmina Mostaza Martínez izan zen Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidego osoan eraiki zuen lehen emakumezko arkitektoa. Oso gazte zela, ibilbide profesionala jaioterritik urrun hasi zuen, eta bere garaiko oztopo sozial eta profesionalei aurre egin zien. Bere ausardiak bidea ireki zien Esperanza Adrada Berriozabalgoitia, María Belén Galdós Tobalina eta, 70eko hamarkadaren amaieran, María Victoria Morrás Zuazo aitzindariei.

EAEko historiografiak arreta gutxi jarri dio emakumeek hiri-inguruneen eraketan izan duten zereginari. Dena den, ikerketa honek beren ibilbideen zati bat berreskuratzea ahalbidetu du eta artxibo-azterlanen balioa azpimarratzen du, horiek ikusarazteko funtsezko tresna gisa. Oraindik ibilbide luzea dago aurretik: emakumezko arkitekto horien ondarearen zati handi bat oraindik identifikatu, dokumentatu eta EAEko arkitekturaren historiaren funtsezko zati gisa aitortu gabe dago.

Erreferentziak

  Benedet, Veronica. (2020). Arquitectas (in)VISIBLES en Euskadi. La problemática que esconde esta invisibilización. Emakunde. https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_bekak/es_def/adjuntos/arquitectas_invisibles_euskadi.pdf

  Benedet, Veronica. (2021a). Las arquitectas (in)VISIBLES en Euskadi. Aproximaciones sobre la situación de las arquitectas en el País Vasco. Actas Action V Internacional Congress. https://www.academia.edu/47735213

  Benedet, Veronica. (2021b). La producción arquitectónica de las mujeres en Euskadi. Hacia su merecido reconocimiento. I Congreso Nacional MUJERES Y ARQUITECTURAS. https://www.academia.edu/61327902

  Benedet, Veronica. (2024). Nuevas pioneras de la arquitectura vasca. VAD. Veredes, Arquitectura y Divulgación, (11), 60–70. https://veredes.es/vad/index.php/vad/article/view/nuevas-pioneras-de-la-arquitectura-vasca

  Un día, una arquitecta. (2025). Biografías 5º edición 2025: María del Carmen Mostaza Martínez, María Belén Galdós Tobalina y Esperanza Adrada Berriozabalgoitia (editatzen). https://undiaunaarquitecta.wordpress.com/indice/indice-alfabetico/

Esker ona

Eskerrak eman nahi dizkiogu Bilboko Udal Artxiboko (BUA-AMB) David Maroto Iparragirreri, dokumentuak bilatzen emandako laguntzagatik eta agertutako prestutasunagatik.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

2025eko gaia
Arkitektura
Arkitektura, Bloga
Ondarearen erabilera berriak: La Encartada Fabrika-Museoa
2025eko gaia
Arkitektura
Arkitektura, Bloga
Arkitektura ikusezinak: Duela 1000 urteko etxeak.
Bloga
Bizkaiko burdin lanketaren eta haren komunikazio sarearen jatorrien arkeologia.