Egilea: Ramón Oleaga Páramo
Mapek lurraldea ezagutu eta kudeatzea errazten dute. Historian zehar, antzinako ale xume haietatik, mapak hobetzeko ahaleginak egin dira etengabe, eta Bizkaian ahalegin hori gorenera iritsi zen 1934an, garai hartarako ezohiko 1:25.000 eskaladun ale bikain baten eskutik.
Izan ere, lurralde bat zenbat eta zehatzago ezagutu, orduan eta eraginkorrago gauzatuko da haren gaineko boterea. Beraz, aldi oro lortu nahi izan da lurraldeen irudikapenik zehatzena, material deskribatzaileak, mapak, oinarri hartuta, erabakiak egoki hartu ahal izateko gai garrantzitsuez, hala nola erakundeen konfigurazioaz, baliabideen ustiapenaz, fiskalitateaz edo azpiegiturez.
Lurraldea irudikatzeko mapak aztertu eta egitea helburu duen zientzia da kartografia. Hala, azken mendeetan zehar, mapak izan dira espazio bat irudikatzeko eta hobeto administratzeko tresnarik erabilgarriena
Alabaina, ez dira beti izan gaur egun ohituta gauden bezain zehatz, eta bilakaera luze baten emaitza dira. Antzinako mapetan, eskala txikiko haietan, espazioaren ezaugarriak zirriborratu egiten ziren, ez zen ez sare hidrografikorik ez bide-sarerik agertzen, eta toponimiaren aipamenak oso eskasak ziren, orografiara mugatuta, erreferentzia piktoriko hutsekin.
Behe Erdi Aroan nabigatzeko erabili ohi ziren mapa portulanoek mapen azpitalde bat osatzen dute. Mapa haietan, portuen zerrenda sistematikoak, portuen arteko distantziak eta portu batetik bestera joateko norabideak agertzen ziren, eta itsas lerroa elementuren batekin delineatzen zen, eta porturatzeko tokiak, portuak, berariaz adierazten ziren; Bizkaian, Bilbo, Lekeitio edo Bermeo. Dena den, mapa portulano haiek, beren helburua zela kausa, itsasgizonen ardurara mugatzen ziren, kostaldera, alegia, eta ez zuten Bizkaiko Lurralde Historikoaren barnealdeko eskualdeen xehetasunik ematen.
Mapa portulanoak ale paregabeak dira, izugarri garestiak, errege-erreginen ohiko opariak; ez zuten, beraz, gure arbasoek beren lurrari buruz zuten ikuspegia islatzen. Gauza bera gertatzen zen Habsburgotarren Etxeko azken kideek Pedro Teixeira kartografo portugaldarrari enkargatu zizkioten mugako memorialekin edo kostaldeen deskribapenekin; bitxikeria gisa, nabarmentzekoa da 1634ko batean «El Árbol de Garnica» aipatzen zela, bere irudiarekin batera.
Errepaso labur honetan, kartografia inprimatura mugatuko gara; horrek zabalkunde handia izan zuen biztanleriaren talde ugari baten artean eta eragina, garaiko jendeak Bizkaiari buruz zuen ezagutzan; era berean, merkataritza-trukeak sustatu zituen eta, azken batean, herrialdeko jardunbide kulturalak eta artistikoak erakutsi zituen.
XVI. mendean zehar, gaur egun «atlas» gisa ulertzen duguna argitaratzen hasi zen, Abraham Orteliusen eskutik; hala ere, horren garaikide Gerardus Mercatoren argitalpen batera arte itxaron beharko dugu, 1606tik aurrera eskala ertaineko mapa bat izateko. Mapa horretan, Bizkaiko (garaiko Vizcaya) lurraldearen errealitatea jaso zen, esparru geografiko zabalago batean, eta hartan, modu zakarrean izan bazen ere, Lurralde Historikoaren errealitate espaziala aurkeztu zen. Hala ere, bistakoa da Mercatorrek ez zuela bertoko informatzailerik izan, Bilbo kostaldeko lerroan kokatu zuelako eta ez zuelako bide-sarerik adierazi. Lehen hurbilketa batean, «existitzen denaren» esparruan kokatzen gaitu, baina ez zuen hura erabiltzea ahalbidetu, esate baterako, merkataritzan, ezta, azken batean, lurraldearen kudeaketa eraginkorrean ere.
Kartografiak, gainerako zientziek bezala, «erraldoien bizkar gainera igotako ipotxen» esakunea betetzen du; izan ere, ondorengo garapenak beti daude aurrekoen gainean, hobetzeko helburuz. Horren haritik, XVII. mendean zehar, Blaeu Etxeak mapa bat argitaratu zuen, zeinak, Mercatorren hedadura espazial berarekin, Bilboko hiribildua behar bezala kokatu zuen eta, bere bizitza baliagarrian zehar, hainbat «egoera» ezagutu zituen, esperientzia bisuala aberastuta ondorengo edizioetan plantxa berean Gernikako hiribildua (Guernica, garai hartan) erantsi baitzuen, baina bide-sarea alde batera utzita.
XVIII. mendearen amaiera arte itxaron beharko dugu «bertokoen berriak» jasoko zituen mapa bat izateko. Tomás López kartografo madrildarrak bidali zien agintari zibil eta erlijiosoei inkesta bat, inkesta betetzearekin batera, informatzaileengandik hurbilen zegoen lurraldearen «orban» bat barne har zedin. Bizkaiko Jaurerriaren mapa espezifiko bat izan zen emaitza, zeinean, komunikazio-bideak zehatz jasotzeaz gain, Jaurerrian sakabanatuta agertzen ziren erlijio-erakundeei (komentuak, elizak…) buruzko erreferentzia erantsi zen, garai hartako kezken adibide ezin hobea baitziren, Antzinako Erregimenaren amaieran, non erlijioak pertsonen bizitzaren alderdi guztiei eragiten zien. Gainera, tokiko ekarpen horren ondorioz, antolaketa politikoaren zertzeladak eman ziren eta, hala, hiribilduak, elizateak eta kontzejuak eta horiek Batzar Nagusietan zituzten aulkiak aipatu ziren. Mapa horren bigarren edizioan, kartelan egindako aldaketez gain, komunikazio-bideak nabarmentzeko modua izan zen alderik aipagarriena, eta hori Ilustrazioan ideiak zabaltzeko eta merkataritza errazteko ildo gisa bideei ematen zitzaien garrantziari egotzi behar zaio.
XIX. mendean zehar, Coello eta Muniberen eskutik, probintziaren neurketa zientifikoari eta hura eskala handiagoan irudikatzeari ekin zitzaion, eta, aldi berean, atlas probintzialak ugaritu egin ziren, asmo dibulgatzailearekin, eta haiek garaiko Vizcaya xehetasunez jaso zuten. Alabernek, Ferreirok, De La Puertak eta Bachilerrek, besteak beste, mende hartan burgesiaren sorrerarekin batera egindako hainbat adibide utzi dizkigute.
XX. mendean, tokiko kartografiaren obra gailena argitara eman zen. Ahalegin goresgarria izan zen, eta Adan de Yarza ingeniariak proposatu zuen, gobernu zentralak topografia-lanetan izan zuen atzerapen izugarria konpontzeko asmoz. Hala, garaiko Diputazio Probintzialak bere kabuz ekin zion lurraldearen behin betiko mapa bat jaso eta inprimatzeari: lehena, 1:100.00 eskalakoa, 1929an argitaratu zuen, eta, 1934an, buru eman zion lanari, 1:25.000 eskalako 15 orri handien eskutik. Argitalpen hark, 1921 eta 1927 bitartean egindako landa-lan zehatz baten emaitza izan zenak, baserriak xehe-xehe deskribatu zituen, bertako toponimia eta orografiaren adierazpen zientifikoa adierazita eta sestra-kurben bidez irudikatuta. Ia mende bat geroago, Bizkaia ezagutzeko balio handiko tresna izaten jarraitzen du.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreko guztian sakondu nahi duenen eskura bizkaikohistoria.com/documentos plataforma jarri du. Horretan, ehundik gora irudi daude, eta Bizkaiko lurraldeak historian zehar izan duen irudikapenen berri ematen da, xeheki.