Zubia bidean. Burtzeñako zubi esekiaren berrehungarren urteurrena (1824-2024)

Egilea: Joaquín Cárcamo Martínez

Aparejadorea, ikertzailea eta dibulgatzailea

Kadagua ibaiaren gaineko Burtzeñako pasabide finko bati buruz dugun lehen berria Abando eta Barakaldoko elizateen enkarguz Agustín de Humaran arkitekto bilbotarrak proiektatutako hiru arkuko harrizko zubi batez ari zen; 1819an eraikitzen hasi zen eta 1920ko apirilaren 12an kolapsatu egin zen. San Fernando Arte Ederren Errege Akademiak (RABASF, gaztelaniazko sigletan) hau ohartarazi zuen: “advierte que esta obra se há subastado y está executandose sin su aprobación faltando al cumplimiento de las ordenes establecidas”. Eta Adolfo de Ibarreta ingeniariak, 1880an, hau idatzi zuen zubiaz: “se derrumbó, sin duda por falta de buena fundación”. Harrizko zubi bat eraikitzeko ekimen publikoko eginkizunak ez zuen amaiera zoriontsua izan, eta bi elizateetako arduradunak ez ziren abenturari berriz ekiteko adoretsu sentitu. 

Errege Akademiaren Batzordeak, orduan, Burtzeñan beste zubi bat eraikitzea erabaki zuen eta, 1824ko urriaren 26an, Antonio de Goicoechea arkitektoak diseinu hau aurkeztu zuen: Puente colgante de cadenas de fierro sobre el rio Cada-agua. Orduan, ekimena pribatua zen, eta zubiaren sustatzailea, Juan Manuel de Sagarmínaga. RABASFen Arkitektura Batzordeak erabaki zuen, zubi eseki berria eraikitzeko, lau urte lehenago erori zen harrizko zubi burutu gabeko estribuak aprobetxatu behar zirela, eta zubi esekiaren diseinua onartu zuen: “deseando que esta clase de obras se propague en España á imitacion de los yá establecidos en Inglaterra, y pareciendo bien el pensamiento mereció su aprobacion”.

Bilboko txalupen zubiaren datarik gabeko plano batek, Artxibo Historiko Nazionalean gordeta dagoenak, angelu batean Burtzeñako zubiaren eskalarik gabeko marrazki bat dauka, zubiaren metalezko osagaiak adierazita. Marrazki horretan ikusten denez, zati eseki batek eta habe batek osaturiko bi tarte laburrek osatzen dute zubia. Kateak lehorrean ainguratuta daude ibaiertz batean eta bestean, harroin baten gainean. Marrazkiak ez du fidagarritasun handirik ematen irudikapenari dagokionez, baina deskribapenean datu garrantzitsuren bat gehitu zuen; adibidez, adierazi zuen penduluak (kateetatik zintzilik dauden elementuak, zubiaren zurezko taulari eusten diotenak), “planchas de fierro de 2 a 3 pulgadas de ancho” , 2 eta 3 hazbete arteko zabalerako burdinazko xaflak zirela, hots, 5 eta 7,5 zentimetro arteko xaflak edo pletinak.

Goicoechearen zubi esekia, garai hartan, nobedade itzela izan zen. Zubi esekiak XIX. mendearen hasieratik eraikitzen ari ziren Ameriketako Estatu Batuetan. Zurezko zubiak ziren, hau da, taulak zurezkoak ziren –hori ohikoa zen Europako lehen zubi esekietan ere-, eta kateak zintzilikatzen ziren dorreak zurezko egituraz ere eraikitzen ziren, Eta Europako zubiak ez bezala, haiek fabrika-dorreekin proiektatzen ziren. Lehen zubi esekiek katenariak (kateak edo kableak) eta horietatik zintzilikatzen ziren eta taulari eusten zioten penduluak baino ez zituzten metalezkoak, baina taula eta baranda zurezkoak ziren. Hala ere, mendebaldeko munduan berrikuntza handia izan zenez, lehen zubi eseki modernoak “burdinazko zubiak” izenez ere ezagutu ziren; esaterako, Burtzeñako zubia.

1. I. “Puente colgante de Burceña”.
Revista Pintoresca de las Provincias Vascongadas, Bilbo, 1846. Sancho el Sabio Fundazioa (Vitoria-Gasteiz).

James Finley ingeniariak AEBetan eraikitzen zituen zubiak katedunak ziren. Sistema hori lehenengo Britaina Handira igaro zen, eta, ondoren, neurri txikiagoan, Europako kontinentera. Egia esan, katedun zubiak duela mende batzuetatik eraiki ziren Txinan eta Tibeten, eta Andeetan pasabide eseki begetalak eraikitzen ziren (eta berreraikitzen dira egun), baina hemen zubi modernoez ari gara. 1820an, Britainia Handian Unión Bridge –137 metroko argia– inauguratu zen Tweed ibaiaren gainean (badago oraindik), eta 1826an, Thomas Telford ingeniariak Galesko Menay itsasarteko zubi entzutetsua –177 metroko argia– burutu zuen; zubi biak katedunak ziren. Frantzian, Marc Seguinek Annonayeko pasabidea proiektatu eta egin zuen,1820an, eta hurrengo urteetan, beste zubi eseki asko ere; guztiak, kabledunak. 

Antonio de Goicoechea arkitektoa Britainia Handiko sistemarik zabalduenaz baliatu zen, eta 1824an –goiz samar–, burdinazko kate-mailek osaturiko katedun zubia proiektatu zuen. Ikusten dugunez, ez zen zubi aitzindaria izan, baina, seguruenik, berton inoiz ez zen halako berrikuntza teknikorik sartu lehenago zubiak hain azkar eraikitzeko. Burtzeñako zubiaren argia nabarmengarria ez bazen ere, aintzat hartu beharra dago arkitekto bermeotarrak Europan egiten ari ziren lanei buruz zuen ezagutza, baita haiek bere proiektuan sartzeko izan zuen ekimena ere.

2. I. “Plano de reparación del firme, andén y barandillado del puente de alambre de Burceña” (1864).
Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa (BFAH).

Zubiaren memoria grafikoa lehen aipatutako marrazkiagatik ez ezik, 1844. eta 1846. urteen bitartean Bilbon hainbat faszikulutan argitaratutako Revista Pintoresca de las Provincias Vascongadas aldizkariaren argitaratzaileen abileziagatik ere iritsi zaigu gaurdaino, editoreek monumentu historikoekin batera zubi berria sartzea erabaki baitzuten. Zubiaz egin zuten deskribapena irakurtzea merezi du: “Despues de haber dado en nuestra Revista Pintoresca las láminas de los monumentos mas notables de la antigüedad parécenos que formará un bello contraste la del Puente colgante de Burceña, que tiene el mérito de ser el primero de su clase en España. Se fabricó en el año de 1825 por el arquitecto de la R. Academia de S. Fernando D. Antonio de Goicoechea, quien dirigió también la obra del hermoso puente colgante de Bilbao, al que hemos preferido el de Burceña; no porque éste sea mejor ni aun comparable con aquel; síno porque no puede menos de llamar la atención el que se haya construido en España el primer puente colgante en un apartado lugar como Baracaldo…”.

Goicoecheak Bilbon eraiki zuen zubiari gertatu zitzaion bezala, zubi hura txarto zaharkitu zen, ziurrenik, eraikuntza-akatsengatik, mantentze-lan egokirik ezagatik eta hainbat gertaerengatik, hala nola 1835ean Karlistaldian eragindako suteagatik (grabatu batean islatu zena). Gerra garaian kateak ere desmuntatu ziren. 1845ean, Retuertoko errejidoreari zubia konpontzeko mandatua eman zioten. Horrela iraun egin zuen, eta azkenean, kateen ordez burdin harizko kableak jartzeko erabakia hartu zen, Bilboko San Frantziskoko zubiaren antzera. Azkenik, 1869ko abuztuan zubia betiko eraitsi egin zen.

3. I. “Quema del puente colgante de Burceña por el carlista Castor (1834)”. Manuel Miranda. Grabatzailea: Redondo. “Panorama español, crónica contemporánea”. “Obra pintoresca”, 1842. Zumalakarregi Museoa.

Antonio de Goicoechea y Ercoreca (Bermeo, 1798 – Bilbo, 1865) ez da oso ezaguna oraindik, baina interes handikoa da. Bere obra ugarien artean, azpimarratzekoa da Bilboko Isabel II .aren zubia, 1844an proiektatu zuena. Zuri hori Espainian eraikitako lehen burdinazko zubia izan zen, eta Santa Ana de Bolueta enpresan galdatu zen. Bizkaiko Aldundirako ere egin zituen lan nabarmenak, Bilbotik Pancorborako bidean zein Trianoko meatze-trenbidean.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago