Egilea: Xabier Armendariz Abajo.
Itsas ikertzailea.
Historialari baten ikuspegitik, ez dago alde ezezagunez eta erronkez beteriko iragan lanbrotsu batera begiratzea baino gauza erakargarri eta desafiatzailerik. Ikerketa-metodo klasikoek, halaz ere, iragan hori esploratzera garamatzate, bai ikerketa-eremuko betiereko froga fisikoetan oinarrituta, bai artxibategi eta liburutegietan gordeta dauden iturri historiografikoetan oinarrituta, baita garrantzi gutxiagokoak ez diren froga arkeologikoetan ere, aurkikuntzak aniztu ahala eta esku-hartze arkeologikoak egin ahala, gero eta ugariagoak baitira. Bideak eta ibilbideak ez daude gogoeta haietatik libre, nahiz eta haien izaera iragangor eta aldakorrak izugarri zailtzen duen haiek aztertzea. Halaber, askotan, gure lurraldeko orografiaren berezitasunak bazter utzirik edo ahazturik ikertu ditugu bide horiek, eta horrek lurreko bide-sare batean ez ezik, horren beharrezko itsasbide osagarrian ere pentsatzera behartzen gaitu. Kontuan izan behar dugu urtearen zati handi batean itsasbideak zirela, eguraldi txarraren eraginez, bete-betean erabil zitezkeen bakarrak. Hala, tokiko itsas dinamika ezagutzen zuten kapitainentzat azkarrak eta seguru samarrak zirenez, ainguralekuen, portuen eta ibai-estuarioen sare trinko baten bidez, merkataritza-fluxuan jarraitutasuna bermatu zuten itsasbideek.
Bizkaiari dagokionez, ziur ezagutzen ditugu merkataritza-itsasbide horien une gogoangarriak, Erdi Aroko kostaldeko hiribilduen eta herrien sorrerari buruzko informazioa ematen diguten iturri dokumentalen eskutik. Gaur egungo portuak eboluzio teknologikoaren eta itsasoko merkataritza-trafikoaren beharren ondoriozko bilakaeraren eta hobekuntzaren emaitza besterik ez dira.
Bilakera hori ulertzeko, gure itsasaldean zein nabigazio-mota egon den eta itsasertzearen geomorfologia ulertu behar dira. Bizkaiko kostaldea garai guztietako itsasgizonentzat beldurgarrienak ziren “puntu beltzetako” (gaurko terminologia erabilita) batean dago, Bizkaiko golkoan. Galiziaren eta Frantziako isurialde atlantikoaren arteko Kantauri itsasoko lerroa, historian zehar, erronka tekniko itzela izan da kapitainen eta patroien trebetasunerako, iparreko, ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko haizeak dabiltzan zona batean dagoelako, eta kokaleku horrek kostaldea haizebean izanik nabigatzera behartzen du, eta, hortaz, itsasontziak itsaslabarren eta itsasertzeko uharrien kontra bultzatzeko arrisku ezkutua areagotzen du, ondorio latzak eraginda.
Horri gehitzen badiogu portu eta babesleku gutxi dagoela haizeetik eta ekaitzetatik egoki babestuta, ondorioztatuko dugu Kantauri itsasoan zehar gure kostaldetik nabigatzeak “Nabigatzeko Artea” goitizenari ohore egin diola eta ospea eman diela euskal itsasgizonen profesonaltasunari eta iaiotasunari.
Hori guztia, alabaina, ez da inolako eragozpena izan kabotaje-nabigazio arrakastatsua gara zedin, portuz portu, ainguralekuz ainguraleku, era guztietako salgaiekin, bai Kantauri itsasoko eta penintsulako tokien artean, bai Mediterraneo itsasoko eta Ipar Europako portuen eta lekuen artean –britainiar irlak eta Eskandinaviako eskualde batzuk barne. Itsasontzi txikiak eta ertainak –ibai-estuarioetan eta zingo txikiko ainguratokietan babesteko gai zirenak– izan ziren itsasontzi ozeaniko handien osagarri, eta Bizkaiko kostaldeko herri asko bizirik iraunarazi zituzten, eta aberastasuna ekarri zieten. Askotan, euskal nabigazioa arrantza-esparrura bakarrik mugatzeko joera izan dugu; hala ere, hainbat jarduera, hala nola arrain gazituen, burdinaren, artilearen edo oihalen trafikoa –bidaiariak ahaztu gabe, jakina– bertako aberastasunaren eta eboluzio sozioekonomikoaren bermatzaile izan dira neurri handi batean.
Irudia: Kantauri itsasoko kostaldearen karta nautikoa. Bizkaiko portuak gehiegizko neurriekin agertzen dira horretan, nabigatzeko seinaleak hobeto irakur zitezen. Lucas Janszoon Waghenaer, 1584.
Denboran oso atzera egiten badugu, iturri klasikoek erromanizazioko komunikazio-bide nagusi baten barruan, Via Maris barnean, deskribatzen digute Bizkaiko itsasertz erromatarra. Erromatarren galtzada- eta bide-sare korapilatsuaren osagarri eta itsasorako irteera zen Arku Atlantikoan zehar hedatzen ziren portu- eta ainguratoki-sare trinkoa zen erromatarren bide hura. Gure eremu gertuenean, erromatarren Oiasso portuaren –gaur egungo Irun– eta Portus Amanum (Flaviobriga) portuaren –gaur egungo Castro Urdiales–artean nabigatzen zuten itsasontzi erromatarrek Bizkaiko kostaldetik, batez ere, egunez. Nabigazio-baldintza horiek zirela-eta, eta kapitain erromatarrek gauez nabigatzea saihesten zutenez, sumatzen dugu gauez toki estrategiko batzuetan ainguratzen zutela edo babesten zirela ekaitzetatik. Eta arkeologiari eta ikerketa historikoari esker, gaur egun toki horiek kokatzen ari dira, pixkanaka, hala nola Urdaibaiko Portuondo aingurakelua, Foruko erromatar kokalekuarekin loturikoa. Izan ere, toki horretan erromatarren kai-mutur edo kai dirudien egitura bat aurkitu da.
Hortik guztitik ondoriozta dezakegu, lehen eta bigarren mailako iturri dokumentalak ia agortu ondoren, ikerketa esperimentalari bidea zabaldu behar zaiola datuak biltzeko iturri gisa. Gure itsasbazterretik nabigatzeko behar diren ezagutza nautikoen bitartez, ondorioztatuko dugu nolakoak ziren itsasaldiak eta zein ziren horien beharrak eta, hortaz, nabigazio-bide posibleez teoriza dezakegu, eta horiek berreraiki ditzakegu ere, eta, horri esker, itsasbideen eta lehorrera hurreratzeko eta lehorreratzeko tokien mapa bat sortu ahal izango dugu. Esaterako, babesleku eta ainguratoki naturalena, zeinak ustezko zona arkeologikotzat hartzea merezi duten, horietan nabigazioarekin zuzenean loturiko aztarnak aurkitu eta berreskuratzeko, hala nola aingurak eta trepetxuak, eta eguneroko elementuak, zeramikak eta pieza numismatikoak, besteak beste.
Itsasoa ez da inoiz oztopoa izan, bidea baizik, eta Bizkaiari dagokionez, eta hedaduraz, euskal kostalde osoari, gure historia, soziala nahiz ekonomikoa, ezin da ulertu azken bi mila urteetako nabigazio-ibilbideak eta itsasbideak ikertu gabe. Hitz batez, itsasoari bizkar emateari utzi beharko zaio, gure iragana modu orokorrean ulertzeko.
Goiko irudia: Bizkaiko kostaldean haizebean zegoen arriskugarritasunak hondoratze txikiak eragiten zituen etengabe, eta, batzuetan, ondorio hilgarriak ekartzen zituen. Bolívar goleta-brigantin austriarraren salbamendua Volador lurrun-atoiontziaren eskutik, Portugaleteko barraren ingurumarian. 1887.