Egilea: Xabier Armendariz Abajo.
Itsas ikertzailea.
Bizkaiko kostaldea, eta hedaduraz, Euskal Herri osokoa, itsas deituradun elizez eta baselizez beteta daude. Eta horietako tenplu batzuk oraindik daude zutik: kanpoko hormak dituzte, zuriz margotuta; toki zorabiagarrietan eraiki ziren; barruan itsasontzien maketak eta hondoratze penagarrien margolanak dituzte, hots, marinelen zinopariak, bizia Jainkoari esker salbatu zutela uste izan zuten itsasgizon jainkotiarrek ekarri zituztenak.
Herritar gehienentzat, tenplu horiek toki atseginak eta ikusgarriak dira, turistikoak ere. Halaber, herrietako baselizak edo parrokia-elizak, toki ez hain heroikoetan kokatuta daudenak, eraikin apartekoak dira, eta horien esanahia sentimenduzko, arteko edo erlijiozko esparruetara mugatzen da. Elementu arkitektoniko erlijiosoen interpretazio hori, egokia izanik, haien izaeraren, sorreraren eta kokatuta dauden lurralde edo herriaren kokaleku fisikoaren azalpenaren zati bat baino ez da. Askotan, kostaldeko herritarren –edo barrualdekoen– ikuspegitik bakarrik azaltzen dugu paisaia, baina oso gutxitan, itsasgizonen ikuspegitik, hots, itsasotik lehorrera begira, eta ez lehorretik itsasora.
Iturri klasikoen eskutik kabotaje-nabigazioaren (kostaldetik gertu portuz portuko itsasbideetan egiten zena) berri dugunetik, nabigazio-modu hori aberastasun-iturria izan da etengabe, baita komunikazio-iturria ere, bai euskal lurraldeen artekoa, bai penintsulako eta Europako beste toki batzuekin izandakoa. Itsasontzi guztiek behar izan dute seinalizazio- eta balizaje-maila jakin bat lehorrean –ibai-portu txikien babeslekuaren bila (esaterako, Portuondo) Bizkaiko itsasbazterretik ibiltzen ziren ontzi erromatar txikietatik hasita, kabotaje-ontzi moderno garaikideetara–, itsasoan non zeuden jakiteko eta helmugako portura seguru iritsi ahal izateko.
Hala ere, XIX. mendea ondo sartuta zegoen arte ez zen estandarizatu itsasargien eta seinalizazio-argien erabilera. Ordura arte, hainbat elementu erabiltzen zen nabigazioaren erreferentzia gisa: eraikin zibilen eta erlijiosoen sare heterogeneoa eta askotarikoa; eraikin adierazgarriak, eta erliebea eta kostaldeko ezaugarri bitxiak ere, hala nola itsaslabar baten paretaren kolore jakin bat eta mendi edo estuario baten forma. Hala, marinelek Kantauri itsasoko kostaldean porturatzeko behar zituzten argibideak berengantzen zituzten. Lehenengoz, nabigazio-kartez baliatuta, horietan agertzen baitziren portu jakin batera sartzeko kontuan hartu beharreko eraikinak: eliza baten dorreak, baseliza batek, dorretxe batek, edo horien konbinazioak urautsi eta uharri arriskutsurik gabe seguru lehorreratzeko norabide bat markatzen zuen lerrokatzea osatzen zuten. Bigarrenez, beste itsasgizon batzuek bildutako argibideak nabigazio-jarraibideen liburuen bitartez zabaltzen ziren. Itsas argitalpen horietan marrazki eta testuen bidez hainbat alderdi deskribatzen zen: kostaldearen profila, estuarioa edo portura sartzeko modua edota eraikinak, talaiak eta portuko seinaleak identifikatzeko behar zen guztia. Liburu horiek bestelako informazioa ere ematen zuten, hala nola gauez tailaietan sutzarren argiak espero izango ziren, egunez egur berdearen ke-seinaleak ikusiko ziren edo lainoa edo ikuspen urria zegoenean kanpai-hotsak eta horien segida entzungo ziren.
Adibide gerturik ezagunena Pierre Garcieren Le grant Routtier, Pillotaje et Ancrage de Mer nabigazio-jarraibideen liburua da. 1483an idatzi eta 1520an argitaratu zen, eta hartan xehe deskribatzen zen Bizkaiko kostaldea, Ogoño lurmuturra, Izaro uhartea eta horko komentua eta Matxitxako lurmuturra eta horko talaia barne. Eraikinei gehiegizko neurriak ematen zitzaizkien beti, zuzen identifika zitezen (2. irudia).
1584, Lucas Janszoon Waghenaer kartografoaren karta nautika
Urte gutxi batzuk geroago, 1584an, Lucas Janszoon Waghenaer kartografo herbeheretarrak gure kostaldeaz egin zuen karta nautiko baten goialdean kostaren profila agertzen zen, bertoko mendi eta bokale nagusiak adierazita, eta kartaren gorputzean, Bizkaiko portu garrantzitsuenak, xehe-xehe deskribatuta, datu hauek adierazita: ainguratzeko tokirik onenak eta horien sakonera, lehorreratzeko norabideak, eta arriskurik gabe porturako bidea hartzeko erreferentziazko eraikinak, gehienetan tenpluak (1. irudia).
Eraikin erlijiosoak nabigazio-erreferentziatzat hartzeko ohiturak arrazoi praktikoa zuen: portuko eraikin nagusiak eta agerikoenak ohi ziren. Bazegoen beste arrazoi bat, agian, garrantzitsuena, hutsala ez zena, denboran zehar irautearekin lotuta. Elizek eta baselizek zeregin bikoitza zutenez –tenplu erlijiosoa eta itsas seinalizazioa–, oso fenomeno bitxia gertatu zen, hots, ia tenplu guztiak santu, santa edo itsas Ama Birjina baten izenpeko egin zituzten. Marinelen pentsaera superstiziosoan, esaterako, ekaitz betean itsas zabaletik Gaztelugatxeko San Joan baselizako horma zuriak ikustea, elementu nabarmen eta ageriko bakar gisa, eraikinaren eraginkortasun bezala ez ezik, Jainkoaren babes eta esku-hartzearen seinale bezala ere interpretatzen zen. Horren guztiaren arabera, marinelek eliza edo baseliza batean zinopariak uzteko ohitura bazuten, ia salbuespenik gabe tenplu hark itsas seinalizazio zereginak ere bazituela adieraziko zuen horrek.
Beste batzuetan, elementu bereizgarri batek, esaterako, mendi batek, santutegi bat hartzen zuen; hori gertatu zen, esate baterako, Peñalba mendigunean –marinel bizkaitar eta kantabriarren artean Montenegro izenez ezaguna–, non Artadiko Andre Mariaren santutegia kokatu zen, Arabako Artziniega herrian. Izan ere, itsaso zabalean ikuspen kaskarra zegoenean, Arabako mendi horrek bereizgarri zuen kolore iluna zen lanbro artean kostaldetik bereizten zen toki bakarra.
Pierre Garcieren Le grant Routtier, Pillotaje et Ancrage de Mer nabigazio-jarraibideen liburuaan agertutakoa (1483)
Eta gertaera hori, itxuraz profanoa, laster bihurtu zen sakratu. Tradizioak dio Ama Birjinaren imajina bat artadi batean aurkitu zela, eta toki horretan santutegi bat eraiki zen, eta horretara marinelak prozesioan joaten ziren zinopariak eta emariak uztera.
Eraikin erlijiosoak itsas seinale bezala aspaldian bakarrik erabili zirela adierazten ei dute adibide horiek, baina kontua da gaurdaino iraunarazi dela erabilera hori, eta posizionamendu-sistema modernoekin (GPS) batera erabiltzen dira.
Tenpluen funtzionalitate bikoitzari dagokionez, gero eta ikertzaile gehiagok uste dugu eraikin horiek eraiki ziren kokaleku fisikoa ere badela itsas asmo baten ondorioa. Intentzio horren adibidea da Pobeñako (Muskiz) Sorospenaren Andre Mariaren baseliza, don Pedro de Llano kapitainak 1768an ex profeso eraikitzeko agindu zuena zinopari gisa eta Barbadun ibaiaren bokalerako bidea hartzeko seinalizazio bezala.
Beste adibide esanguratsu batzuk dira Portugaleteko barra gainditzeko Bilboko itsasadarrera sartzeko jarraibideak, Vicente Tofiñok 1789an nabigazio-jarraibideen liburuan adierazi zituenak:
“Las marcas actuales para entrar son enfilar la Iglesia mayor de Portugalete, que está en alto y es muy visible,
con la iglesia de Cestao , que tambien es visible, porque está situada sobre una loma en la Costa occidental del río
sin que haya otra por su contorno y corren una por otra al S 53° por E Siguiendo esta enfilaron se rebasará La Barra”.
Gaur egun ere, 235 urte ondoren, eta kosta lerroan izandako aldaketak gorabehera, Sestaoko eta Portugaleteko elizek oraindik adierazten dute Bilboko itsasadarrerako sarrera zein posiziotatik hartzen den (portadaren irudia).
Ondorio gisa, gero eta sendoagoa da kostaldeko egitura jakin batzuen asmoaz ari den hipotesia, eta horrek hausnartarazten gaitu kostaldeko herri askok nabigazioarekin loturiko arrazoi praktikoetan sorrera izan ote zuten: hots, haizeetatik babestutako ainguraleko egokiak zirelako, itsas zabaletik oso ondo ikusten zirelako eta tenpluak eta tailaiak kokatzeko toki garaiak zituztelako. Hala, ikerketa-eremu erakargarria zabaldu da etnografo, arkeologo, geografo, antropologo eta itsas historialariontzat, kostaldeko paisaiaren esanahia berreskuratzera eta haren toponimia, morfologia eta funtzionalitatea itsas hizkuntza batetik interpretatzera eramango gaituena. Ikuspegi berezia eta, agian, jatorrizkoa, Bizkaiko itsas ikerketekin dagoen zor historikoa kitatzeko, eta gure herriaren arima eta muina pixka bat hobeto ulertzeko esanahien eta ñabarduren joritasuna eskain diezagun.