Humboldt Euskal Herrian

Egilea: Felícitas Lorenzo Villamor (Historialaria)

 

“Herri bat, mendi artean ezkutatuta, mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan bizi da, eta mendez mende, bai bere jatorrizko hizkuntza, bai, hein handi batean, bere antzinako eraentza eta ohiturak gordetzen jakin izan du, eta, idazle moderno baten zorioneko adierazpen baten aburuz, euskaldunen edo biscayno-en herri horrek alde batera utzi ditu behatzailearen begirada nahiz konkistatzailearen ezpata”.

W.v. Humboldt. Die Vasken (1821) 

 

Ondarearen Europako aurtengo Jardunaldiek, “Bide, sare eta loturen ondarea” izenburudunek, ezin dute Wilhelm von Humboldt baino protagonista egokiagorik edo gailenagorik izan. 1801eko apirilean eta maiatzean, poliglota hura gure artean ibili zen, ikerketa-bidaia batean, zeinak euskal herritarren misterioa argitzen lagunduko zuen eta garai hartan eraikitzen ari zen Europan kokatu gintuen; izan ere, Humboldtek berak Europa hura sortzen lagundu zuen, Napoleonen porrotaren ondoren Vienako biltzarrean parte hartu baitzuen. Humboldarren anai zaharrenaren biografiak bere alde guzti-guztiak ezagutarazi zituen: politikaria, filosofoa, hizkuntzalaria eta diplomazialaria, bidaiazale amorratua, baina, ororen gainetik, humanista bikaina eta euskaldunen adiskidea.

Wilhelm von Humboldtek esaten zuen mundua ulertzeko modua hizkuntzaren bidez gauzatzen dela gehienbat. Haren xede zientifikoa hizkuntzen eta izaera nazionalen azterketa konparatua izan zen. Euskarari buruz egin zituen ikerketa joriei esker, Filologia moderno eta konparatuaren sortzaileetako bat izan zela esan zuten. Era berean, euskara Europa erromantikoan zabaldu zuen.

 

Wilhelm von Humboldt

1767an jaio zen, familia noble batean, Alexander anai naturalista ospetsua baino bi urte lehenago. Heziketa bikainekoak izan ziren anaiak, txikitatik tutore partikularrek hizkuntzekiko, bidaiekiko eta naturarekiko jakingura piztu baitzuten gazteengan, irakurgaien eskutik. Unibertsitatean ikasi ondoren, legeetan, hizkuntzetan eta filosofian jarri zuen arreta Wilhelmek, eta Alexanderrek, aldiz, merkataritzan eta meatzaritzan. Saloi literarioetara joan ohi ziren anaiak, eta horietan loturak, betikoak, sortu zituzten, zeinak ideia erromantiko berrien bitarteko izan ziren: Schiller, Goethe eta Carolina, Wilhelmek emazte izango zuena. Frantziako Iraultzatik hiru astetara Parisa bidaiatu zuen Wilhelmek, eta gertakari hark humanismo sakon baten eta sozialki aurrerakoia zen ideologia baten arrastoa utzi zion.

Ama hil zitzaienean, familiaren Tegelgo etxea jarauntsi zuen Wilhelmek, eta Alexanderrek dirutan hartu zuen jarauntsia, eta, dirutzari esker, Amerika kontinentea goitik behera esploratu zuen.

1799an, familiarekin bidaiatu zuen lehen aldiz Wilhelmek: mando gainean, 7, 5 eta 2  urteko seme-alabekin eta Carolina umedun, laugarren umea bidean zetorrela. Espainian barrenako bidaia ezerosoa izan zen, 8 hilabete iraun zuen, eta lurraldea diagonaletik zeharkatu zuen. Aste betez Baionatik Gasteiza ibili zen, eta Euskal Herriak, bertako hizkuntzak eta kulturak liluraren metxa piztu zuten adituaren buruan (“Bidaia honen helburu nagusia hizkuntza zen…”).

Parisa itzuli ondoren, euskara gertutik ezagutzeko materiala bilatzen hasi zen: liburutegiak miatu zituen, eta gramatika-liburuak eta hiztegiak aurkitu zituen, hala nola Larramendirenak, Axularren Guero, Proverbes basques…, Oihenarten Notitia utrisque (…) , Bowlesen Geografia

1801eko apirilean, bigarren bidaiari ekin zion –azkena izango zena–, ekainera arte. Zaldi gainean egin zuen, eta ostatuetan, baserrietan, apaizen etxeetan eta nobleen jauregietan egon zen ostatuz, eta bertako gidariek eta anfitrioi ikasiek gidatu zuten. Bisitaldi hura, hortaz, euskal herritarrak eta beren kultura berariaz ikertzeko parada bilakatu zitzaion. Buru-belarri aritu zen, gogoz, alderdi hauek ikertzen, besteak beste: euskara, dantzak, ipuin herrikoiak, jantziak, nekazaritzako teknikak, herrietako jaiak, batzarren antolaera, ordezkaritza-sistema eta historia. Xehe-xehe bildu zuen behatutako guztia Tagebuch der baskischen Reise. 1801 bidaia-egunkarian, eta marrazkitxoak ere egin zituen, esaterako lehengo Batzar Etxearen tribunarena. Idatzohar haietatik Die Vasken sortu zen: bere lanik zabalduena eta argitaratuena.

Baiona, Miarritze, Donibane Lohizune, Hendaia eta Hondarribia ezagutu zituen. Iparraldekoen eta Hegoaldekoen arteko mugaren bidegabekeriaz aritzeko baliatu zitzaizkion Hendaia eta Hondarribia herriak, herrialde ezberdinetakoak izategatik borrokatzera behartuta egoteaz. Handik ibili zen, eta amultsuki deskribatu zuen paisaia, begirada erromantikoaz. Halere, zolitasunez, besteak beste, emakume garraiolari edo arrantzaleen indarra, adorea eta ekimena goretsi zituen. Emakume euskaldunak lanean argi inplikatu izana, Paisaiako batelariengan nabarmendu zuen berriz ere, eta geroago, bere eskutitzetan, bi emakume errementarien ogibideak harritu egin zuela idatzi zuen.

 

Pasaiako batelariak (B. Hennebutte-Feillet)

 

Gipuzkoako antolaketa administratiboaz aritzeko baliatu zitzaion Donostia, eta biharamunean, Orion eta Zarautzen izan ondoren, Getarian hartu zuen atseden. Han, Elkanoren egitandia izan zuen hizpide, eta kolonaurreko Amerikan euskal herritarrak han egon bazeudela eta txakolinaren mahats-parretan baleen saihets-hezurrak jartzen zirela kontatu zuen. Halaber, pilota-partida batean herrien arteko norgehiagokaren berri izan zuen bidaiariak, bertsolarien ahotan. Pilota eta bertsolaritza, euskal kulturaren bi bereizgarri.

Zaldi gainean, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa eta Berriatuatik igaro ondoren, Markinara iritsi zen. Peñafloridako kondearen Munibe jauregian hartu zuen ostatu. Moguel eta José Mª Murga (garai hartan, ahaldun nagusia) izan zituen solaskide, baina paseo luzeak eman zituen baserritarrekin luze mintzatzeko. Horien elikadura zela eta, nobletzat jo zituen, errenta-maila nahikoa zutelakoan.

Laiak eta beste nekazaritza-lanabes batzuk deskribatu zituen, txertaketa aipatu zuen, baserritarren euskara goretsi zuen, eta kaperatasun unibertsalaz idatzi zuen.  Hala bada, handik, Bergarara abiatu zen, Nobleen Errege Seminarioaren egoitzara eta, han, Alexander anaia ezaguna eta aintzat hartua zela egiaztatu zuen.

Arabako antolaketa eta historia azaltzeko baliatu zitzaion Gasteiz. Baina Durangora iristeko irrikan zegoen, eta han eman zuen bidaiaren egonaldi luzeena. Astarloa apologista izan zuen anfitrioi eta laguntzaile, eta horrek prusiarrarekin bere eskuizkribuak eta azken ikerketak partekatu zituen; hortaz, haren euskararen ezagutzan eragin erabakigarria izan zuen Astarloak. Baina hori ez zen inolako oztopoa izan Euskal Herriko baserria eta horren garaiak bisitatu eta azaltzeko, festetara joateko eta herri-janzkerez jakiteko.

Bilbok liluratu egin zuen, baita hiribildutik gertuko elizate bateko jaiek, eta zezenketek ere. Ondoren, Somorrostrora joan zen, non aire zabaleko meatzaritza ikertu zuen, eta Lope García de Salazarren biografiaren berri jaso zuen. Itsasadarra txalupa batean zeharkatu ostean, azkar ekin zion itzulerako bidaiari, eta toki hauetatik igaro zen: Gaztelugatxe, Bermeo (Madrilen ikusi zuen Pareten bista bat aipatu zuen) eta Mundaka. Uhaldi batek harrapatu zuen Gernikan, eta han nekazari batzuen batzarrak harritu zuen: euskaraz ari ziren eztabaidatzen, beren Lege Zaharra zuten eta erabakiak asanbladan hartzen zituzten. Atertu zenean, Lekeitiora joan zen, eta herriko marinel-ohituren deskribapenak xehetasunez josi zituen. Itzulerako bidean, Loiolatik igaro zen, eta geldialdi laburrak egin zituen Azpeitia eta Azkoitia herrietan. Bidaiaren azken lau egunak Iparralden eman zituen, Orreagatik igaro ondoren. Itxassouko sukaldaritzak eta etimologiak bere arreta bereganatu zuten. Amaitzeko, Donibane Garazi eta Maule bisitatu zituen; Zuberoako pastoralen nondik norakoak eta jatorria, bertako antolaketa politikoa eta xibereraren  lirikotasuna aipatu zituen.

 

Bidaiaren mapa (1801)

Itzuli zenean, enbaxadore izan zen Erroman eta Londresen, erreformatzaile eta Hezkuntza ministro,  Berlingo unibertsitatearen sortzaileetako bat, eta Vienako kongresuko guztiahalduna; hala, Europaren eratzaileetako bat izan zen Napoleonen erorialdiaren ostean. 1819an Tegelera baztertu zen, eta han hizkuntzak, batez ere, euskara, ikertzen eman zituen azken urteak. 1835ean hil zen.

“[…] bi hilabete zoriontsu eman nituen Hego Euskal Herrian nahiz Ipar Euskal Herrian, eta beti izango dut gogoan Bizkaiko Golkoko itsasbazterretan igarotako udaberria nire bizitzako ederrenetako bat bezala”.

Die Vasken (1821)

(Portadaren argazkia: Humboldten bustoa Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkean ©Iker Uriarte)

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Bloga
Ibilbide eta Sare Historikoen ondarea izango da Bizkaian OEJ gaia 2024an
Ondareari buruzko Europako Jardunaldien eragile antolatzaileen sarearekin batera lantzeko lurraldean ...
Bloga
Bizkaiko itsas paisaia nabigazioaren argitan
XIX. mendea ondo sartuta zegoen arte, nabigatzaileak seguru portura zitezen ...