Burdinbideetako zirkulazioen abiaduraren bilakaera eta haren ondorioak

Egilea: Joan Manuel Estradé Panadés.

Portu, Ubide eta Bideetako Doktore Ingeniaria.

 

Burdinbideak bi asmakizun hauen ondorioz sortu ziren: 1765ean, lurrun-makina asmatu zen, eta 1825ean, gurpil-errail errodadura metalikoaren sistemaren aplikazioa.

Teknologia horiek sortuz gerotik, Britainia Handian lehenengo trenbidea abiarazi zen, Liverpool eta Manchester hirien artean, 1830eko irailaren 15ean. Ondoren, beste herrialde batzuk hasi ziren burdinbideen bidezko garraio-sistema garatzen: Belgika eta Alemania (1835), Frantzia, Errusia eta Austria (1837), Herbehereak eta Italia (1839), Suitza (1847) eta Espainia (1848) eta Portugal (1856). Bizkaian Miranda-Bilbo linea (1863) inauguratu zen, baita Trianoko trenbidea ere (1865).

1850eko lurreko garraio-sistema diligentzian –bidaiarien zirkulazioan– eta gurdian –lurreko bideetako salgaien trafikoan– oinarrituta zegoen. Trenbideak bost aldiz gutxitu zuen bidaia-denbora, eta bidaiarien garraioaren kostua, bi aldiz, eta salgaiena, hamar aldiz.

Trenbide-sistemak burdinbide-zabalera ezberdinak bateratu behar izan zituen trenbide desberdinen arteko garraioa batzeko. Europan  eta Ipar Amerikan 1.435 mm-ko zabalera (4 oin eta 8,5 hazbete) aukeratu zen, eta iberiar penintsulan, 1.672 mm-koa (6 oin gaztelar), Burdinbideen Lege Orokorraren arabera (1855). Hala ere, Bilbo-Durango trenbidea penintsulako iparraldeko burdinbide metrikoko (1.000 mm) zerbitzu publikoko trenbide baten lehen emakida izan zen, 1879ko maitzaren 24ko Errege Aginduaren eskutik. 1882ko maiatzaren 30ean inauguratu zen trenbide hura.

Burdinbideak ezarri izanak trenbide berrietan zehar geltoki asko eraikitzea ekarri zuen berekin. Izan ere, ondare arkitektonikoa aberastu egin zen eraikuntza berri horiekin. Bilbon, esaterako, zazpi geltoki egon ziren; izan ere, Trenbideen Bilboko Lagunen Elkarteak Bilbao, 7 Calles, 7 Estaciones. Atxuri Museo del Ferrocarril liburuan bildu zituen geltoki horiek.

Argazkia: Bilbao Abando geltokia XIX. mendean (DEIA artxiboa).

 

Halaber, tranbia-bide asko sortu ziren munduko hiri nagusietan. Hala, Bilboko hiri-tranbia 1887tik 1955era bitartean ibili zen.

XX. mendearen lehen hereneko errepideen lehia zela kausa, trenbide batzuk itxi egin ziren, ez zutelako mozkin ekonomikorik ematen. XX. mendearen amaieran, hortaz, haietako asko bide berde bilakatu ziren. Gaur egun, Bizkaian 4 bide berde daude; 50 kilometro baino gehiago, guztira.

Argazkia: 1984ko Bilbo-Gasteiz linea berriaren aurreproiektuaren soluzio gorri eta urdinak (Bilboko Trenbidearen Lagunen Elkartearen artxiboa).

 

XIX. mendearen bukaeran, trenbide errentagarrienak salgai ugari garraiatzen zutenak ziren, hala nola Trianokoa eta Bilbo-Portugalete trenbidea, Bizkaian.

Nazioarteko loturak hobetzeko, XX. mendean, hainbat aldiz saiatu zen iberiar penintsulako zabalera Europakora aldatzen, baina saioek ez zuten emaitzarik eman. Tarte batzuetan hirugarren errail bat ezarri izanak ekimenik eza arindu zuen nolabait, tren bidezko salgaien garraioaren onerako, mugako tren-aldaketak saihestu baitziren eta lehiakortasuna hobetu baitzen errepideko garraioaren aldean.

XX. mendearen erdialdean bidaiarien trenbideko garraioan abiadura handia sartzeari esker, garraio-mota hori biziberritu egin zen, eta oso lehiakor bilakatu, errepideko eta aireko garraioen aldean, 2 eta 4 ordu arteko bidaietan (400 eta 800 kilometro arteko distantziak).

Gaur egun, 200 kilometro ordutik 350 kilometro ordura (Txinako tren batzuen abiadura) artekoa hartzen da abiadura handitzat.

Txinan 40.000 kilometrok dituzte abiadura handiko zerbitzuak, eta Europako herrialde askotan abiadura handiko tren-linea asko dago martxan: hala nola 3.661 km, Espainian; 2.735 km, Frantzian; 1.571 km, Alemanian; 1.120 km, Finlandian; 921 km, Italian, eta 860 km,  Suedian.

Euskadin, Bilbo eta Gasteizen artean abiadura handiko (200 kilometro ordukoa) linea bat jartzeko aurreproiektu bat egon zen, 1984an, bidaiari eta salgaien trafiko mixtorako. Forondako aireportuan izango zuen geltokia.

Hala ere, hasierako proposamen hura ez zen gauzatu, Eusko Jaurlaritzak hau proposatu baitzuen 1987an: “Garraio Ministerioaren Trenbide Garraioko Planaren Aurrerakinaren hautabide-proposamena, Madril-Irun linean, EAEtik egiten duen ibilbidean”. Azken hori Essengo Europako Goi-bileran berretsi zen, Gasteiz-Dax tartea EBko Lehentasunezko 14 Proiektuen 3. Trenbide Ardatzean sartu baitzen. Gasteiz-Bilbo arteko lehen tarte esleituak, Arratzu-Legutio. II. azpitartea, 2009ko irailean hasi zituen lanak.

Euskal Y-a delakoaren obrak amaitu ondoren, eta hegoaldetik Madril-Burgos-Gasteiz hiriekin, iparraldetik Irun-Bordele Toulouse hiriekin eta ekialdetik Iruñea-Zaragoza-Bartzelona hiriekin lotzen amaitu ostean, abiadura handiko zerbitzuei esker, Bilbotik 400-600 kilometrotara dauden hiriekin lotuko da Bilbo, bi edo lau ordutan; ondorioz, oso lehiakorra izango da tren-bidaia errepideko eta aireko garraioekin alderatuta. Abiadura handiko trenaren arrakasta ziurtatuta dago; gaur egun, Bilboko geltokian 300.000 bidaiari igotzen dira trenetara eta jaisten dira horietatik, eta urtean 3 edo 4 milioi bidaiari inguru izango dituela aurreikusi da,  zerbitzu horiek eta antzeko biztanle-kopurua dituzten hiriek bezala.

 

Argazkia: “Euskal Y-a” EBko Europa barneko Garraio Sareko Lisboa-Estrasburgoko 7. korridorean sartzea (2011).

 

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Bloga
Ibilbide eta Sare Historikoen ondarea izango da Bizkaian OEJ gaia 2024an
Ondareari buruzko Europako Jardunaldien eragile antolatzaileen sarearekin batera lantzeko lurraldean ...
Bloga
Bizkaiko itsas paisaia nabigazioaren argitan
XIX. mendea ondo sartuta zegoen arte, nabigatzaileak seguru portura zitezen ...