Lotura artistikoak Bizkaia eta Europa Atlantikoaren artean Behe Erdi Aroan zehar (II): hilobi-lauda flandiarrak.

Egilea: Jesús Muñiz Petralanda

EHUko Artearen Historia Saileko doktoregaia eta Ondare Historiko eta Artistikoaren kudeatzailea.

 

Bigarren emanaldi honetan, Behe Erdi Aroko artearen tipologia bitxi bati erreparatuko diogu. Garai hartako Bizkaiko sustatzaile nabarmenetako batzuen irudi idealizatua erakusten digu, Flasdesko hileta-laudetan txertatua, norberaren eta besteren gozamenerako. 

Laudak letoizko xaflak dira, komitente zenduen irudia grabatuta dutenak. Bizkaiko eliza batzuetan haien hilobiak duintasunez nabarmentzeko egiten ziren, haien oroimena betikotzeko asmoz.

Estatuan horrelako pieza bi gordetzen dituen tenplu bakarrean hasiko da gure ibilbidea: Lekeitioko Jasokundeko Santa Maria Basilikan, Bizkaiko arte flandiarraren epizentroan. Horietako pieza batean, María Ibañez de Uribarren irudikatu da eta, segur aski (idazkuna ez dago osorik), horren senar zendu Ochoa Ortiz de Lariz ere (1.1. argazkia). Gizona janzkera tradizionalarekin agertzen da, alargunaren ondoan, plakadun armadura eta armarri bat dituela. Ezkontideen oinetako punta-zorrozdunak ehiza-eszenez ederki apaindutako basamentu prismatiko batzuen gainean daude jarrita.

1.1 Ronald Van Belle. Ochoa Ortiz de Lariz eta Maria Ibañez de Uribarrenen hileta-lauden kalkoak. Santa Maria Basilika. Lekeitio.
1.2. Ronald Van Belle. Joan Peris de Oramegui eta Auria Martinez de Cerantaren hileta-lauden kalkoak. Santa Maria Basilika. Lekeitio.

Tematika zinegetikoak, dirudunen berezko denbora-pasa zenak, sinbolismo erlijiosoa ere badu, eta eliza bereko Santa Ana kaperako beste hilobi-estalki baten –Joan Perys de Ormaegui eta Auria Martines de Cerantarena (1.2. argazkia) – figura etzanei eusten dieten idulkietan ere daude. Ezkontideak janzki luzez estalita ageri dira, eta buruak kuxinetean gainean jarrita dituzte, errezel gangatuez babestuta, aurreko bikotearen jarrera errukitsu berean, hots, eskuak otoitz jarreran dituztela, elkartuta, eta biratuta, aurretik erakusteko moduan.

Horren orla perimetralean merkatari marka ageri da, Bizkaian kontserbatutako gainerako hilobi-laudetan bezala. Pieza biak Tournaiko (Belgikako hegoaldea) tailerretatik datozela uste da, eta XIV. mendeko 80ko hamarkadaren hasieran egin zirela. 

2.1. Ronald Van Belle. Martin Ochoa de Bildosolaren hileta-laudaren kalkoa. Euskal Museoa. Bilbo.
2.2. Ronald Van Belle. Pero Lopez de Vitoria eta Maria Sanchez de Salinasen hileta-laudoa. Euskal Museoa. Bilbo.

Geroxeagoakoa da,1400. ingurukoa, Martin Ochoa de Vildosolarena, egun Bilboko Euskal Museoaren bilduman dagoena, Arratiako bailarako Arteako Gazteluko Santa  Maria elizakoa (egun ez dagoena) bada ere (2.1. argazkia). Pertsona bakarra irudikatuta agertzen den Bizkaiko hilobi-lauda bakarra da, eta pertsona horrek aurrekoen jarrera berbera du eta mahuka oso zabaleko soineko luzea du jantzita (robe). Lauda horretan alde batera utzi da santuak irudikatuta dituen eta Abrahamen baitan hildako harreraren arima duen errezela –Lekeition ikusi dugun bezala-, baina, gainerako kasuetan bezala, tapiz bat edo beirate bat –agerikoagoa pieza honetan– simulatzen duen landare-patroi batez apainduta dagoen atzealde batean dago jarrita figura etzana. Ezkerreko mahukaren azpian, sastakai txiki baten heldulekua agerian dago. Arma horrek, oinen artean dagoen lehoiaren ondoan dagoenak, gizon irudikatuaren balioa aipatzen du.

Azken alea, gaur egun bilduma berean dagoena, landuena da, eta Pero Lopes de Vitoriak eta Maria Sanchez de Salinasek enkargatu zuten Bilboko Santiago Katedraleko Santa Marina (gaur egun, San Jose) hileta-kaperarako (2.2. argazkia). Horretan, oraindik ere ikus daiteke merkatari marka, hileta-laudan ere agertzen dena, zeinean harro-harro bere burua halaxe ikusten duen trazadura gotiko zorrotzaren idazkunean –Arteakoaren antzekoa eta Lekeitioko piezen grafia biribilduaren oso bestelakoa–.

Pero Lopez de Vitoriaren katanaurru eta erruki-sastakaiaren xehetasuna (egilearen argazkia). Euskal Museoa, Bilbo.

Era berean, lanbide horretaz ari da, erruki-daga zorrotz baten ondoan, bere gerritik nabarmen zintzilik dauden borlez hornitutako katanarrua (3. argazkia).

Grabatuak teknika findu bat erabili du pieza horretan, lerro gurutzatuen hainbat bilberen bidez. Bilbe horiek pertsonaien jantzien sakontasuna iradokitzen dute beren itzalekin, baina gainerako hileta-laudetan bezala, ez du apenas obra horiek normalean kolorez edo masikez koloreztatzen zituzten “masillak” edo mastiques-ak aplikatu izanaren adierazgarririk.

 Bilbo  hiribilduko Santiago eta San Anton elizetako hilobien zerrendetan beste lau “letoiak” aipatu izanak, horrelako lan finak gure inguruan uste baino ohikoagoak zirela pentsatzera bultzatzen gaitu, kontserbatzen diren kasu urriak ikusita, Estatu osoan daudenen ia erdia direnak. Hortaz, serie bakarra osatzen dute beren generoan.

Blog honi egingo diogun hurrengo ekarpenean, Mantxako kanalaren beste aldera bidaiatuko dugu Bizkaian bikain irudikatu den beste tipologia artistiko bat jorratzeko: jatorriz Ingalaterrakoak diren harzuriak.

Eta gehiago jakin nahi baduzu:

VAN BELLE, R.: Laudas Flamencas en España / Flemish Monumental Brasess in Spain, Ediciones Beta III milenio, Bilbo, 2011. 

MUÑIZ PETRALANDA, J.: Ars moriendi. Lekeitioko lauda flamenkoak, Kurik, 3 (2018), -13. orr.

Goiburuko argazkia: Joan Peris de Oramegui eta Auria Martinez de Cerantaren hileta-laudaren xehetasuna. Lekeitio. Santa Maria basilika.
Argazkiaren egilea: Ángel Gómez Lozano. Eleiz Museoa, Bilbao

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Bloga
Lotura artistikoak Bizkaia eta Europa Atlantikoaren artean Behe Erdi Aroan zehar (I): testuinguru historikoa.