Ibilbidea existitu ez zen bide baten barrena: Donejakue bidea Bizkaian

Egilea: Iñaki García Camino

XX. mendeko 80ko hamarkadan, Europar Batasuna eratzen ari zen batasun politiko, sozial eta ekonomiko gisa, eta eraketa hark pertsonen, salgaien, zerbitzuen eta kapitalen zirkulazio askea ekarri zuen Batasuneko lurralde guztietan. Eraikitzen ari zen proiektu oro bezala, estatu kideak kohesionatzeko, batasuna justifikatzeko eta identitatea sinbolizatzeko errefenteak behar zituen Europak. Eta, nola ez, erreferente horiek iraganean bilatu ziren.

Konpostelarako bidea, Munia baskoiaren seme Alfontso II.a errege asturrak “asmatu” zuena, Alfontso III.ak zabaldu zuena eta Iruñeko errege Antso III.ak instituzionaziatu zuena izan zen horietako bat. 1987ko urrian, Europako Kontseiluak Europako Kultura Ibilbide nagusi gisa aitortu zuen Donejakue bidea.

Harrezkeroztik, tokiko, eskualdeko eta  Estatuko komunitateak agiri historikoen bila aritu ziren buru-belarri, beren lurraldeetatik erromesak igaro izanari buruz, Santiagoren edo Bidearen izenpeko elizei buruz, Santiagoren ikonografiari buruz eta bide harriztatuen trazuei edo antzinako itxura zuten zubiei buruz –izan ere, zubiak erromatar deitzeari utzi zitzaion eta Erdi Arokotzat hartu ziren.   

Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak ere mugimendu “aurkitzaile” hartan parte hartu zuten, Donejakue bidearen tradizioan barne har zitezen, Donejakue bide nagusiak, frantsesak, lurralde horiek ukitzen ez bazituen ere. Hala, 1993ko ekainaren 15eko Aginduaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak espediente bati hasiera eman zion Euskal Autonomia Erkidegoan Donejakue bidearen eraginpeko ibilbidea eta ingurunea identifikatu eta mugatzeko. Ondoren, Kultur Ondasun izendatu zen Donejakue bidea, Monumentu Multzo kategoria eman zitzaion, 2000ko urtarrilaren 25eko 14/2000 Dekretuaren bitartez.

Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen diren Donejakue bideen trazadura; Eusko Jaurlaritzak Kultura-intereseko Ondasun kalifikatu ditu bideak.

Urte haietan, XX.  mendeko 40ko hamarkadan J.M. Lacarrak, L. Vázquez de Pargak eta J. Uríak urratu zuten bideari jarraiki, Bizkaitik igarotzen zen Donejakuari buruzko gidaliburu batzuk argitaratu ziren; hala, T. Martínez, J. A. Barrio, M. J. Torrecilla, J. Enríquez, J. A. Lecanda edo J. L. Orella historialariek idatzi zituzten gida haiek, nork bere ikuskera adierazita: batzuek gogor defendatzen zuten kostaldeko bidearen existentzia; beste batzuek, aldiz, bazegoenik ezeztatzen zuten, eta beste batzuek, kostaldeko bidea ez ezik, beste batzuk ere identifikatzen zituzten.

Hainbat azterlan historikok onartu du, IX. mendean Santiago apostoluaren hilobia aurkitu zenean, Kantauriko mendien hegoaldeko lurraldeak musulmanen menpean zeudela eta, hortaz, nekez zeharka zitzaketela erromes haiek, errege asturrek beren erresumaren mendebaldeko mugaldeetara erakartzen saiatu baziren ere. Ondoren, XI. mendearen hasieran, lurralde haiek mehatxu islamiarretik libre geratu zirenean, Iruñeko errege Antso III.a Nagusiak ezarri zuen Konpostela eta Europaren arteko bidea, Aymeric Picaud monje klunitarra ustezko egile zuen erromesen gidaren (Liber peregrinationis) bitartez ezagutzen zen trazadura ofizialean (1140. urte inguruan). Ia 400 urte ondoren, Bizkaiko lehenengo historialari Lópe García de Salazarrek Iruñeko errege Antso III.a Nagusiak hau egin zuela adierazi zuen, hitzez hitz: “mudó el camino francés que venía por Guipuzcoa e Viscaya e Asturias e Oviedo e lo fiso por Navarra e Logroño e a León por donde agora es”.

El camino costero a Santiago a su paso por Muskiz. El camino reutiliza en este tramo antiguas infraestructuras mineras.

Historialari bandokide haren proposamen hori oinarri hartuta, jatorrizko Donejakue bide bat dagoela defendatu da, zeina kostaldetik iragaten zen, lurreko oztopo ugari gaindituta, hala nola ibaiak eta mendiak, eremu jendegabetuak eta basotsuak,  hiribilduak eta herrixkak saihestuta, hain zuzen, Bizkaiko Markina, Bolibar, Guerrikaitz, Ajangiz, Gernika, Muxika, Gerekiz, Morga, Larrabetzu, Lezama, Zamudio eta Bilbo herri eta hiribilduen barrena, eta bide hartatik adar bi irteten omen zirela:  bat, Barakaldo, Portugalete eta Muskiz udalerrietarantz, eta bestea, Gueñes, Zalla eta Balmasedarantz. Hala ere, ez dago bide hori bazegoela berresten duen froga objektibo eta zientifikorik.

Egia da datu dokumental gutxi batzuek adierazi dutela lurraldetik erromes batzuk igarotzen zirela; esaterako, Arzendjango apezpikuak (Armenia) 1494. urte inguruan  Bilbo, Santander, San Vicente de la Barquera eta Oviedo hirien barrena bidaiatu zuela, eta gau bat eman zuela Portugaleten. Baina lehenengo ikertzaileek adierazi zutenez, datu hori ez da nahikoa zehazteko erromesbide bat bazegoela; izan ere, ibilbidea egiteko arrazoiak askotarikoak izan zitezkeen, eta ez zen nahitaez ezarritako bideetatik egin behar.

Urduña hiriko udal-ordenantzek debekatu egiten zuten hirigunean limosna eskatzea, “salvo para fraires o romeros”, eta Aro Modernoan, erromesaldien urrezko aroa amaitu zenean, erromesak salbuetsita zeuden Haitza zeharkatzeagatik bidesaria ordaintzetik. Hain zuzen ere, datu hori, Bizkaiko ibilbidearen existentziaren aldeko sendoenetako bat, kostaldeko trazaduratik kanpo dago.

Kostaldeko bidearen kanpoaldean dagoen Amatza elizako (Iurreta) leiho prerromanikoa.
Bilboko Santiago Katedral erromanikoaren bigarren fabrikaren zimendua (XIV. mendearen hasiera ingurukoa), eta lehenengo bilbotarren hilobien estalkiak (XII. mendekoak).

Era berean, kostaldeko ibilbidearen seinaleak Santiagori eskainitako, Santiagoren ikonografia (maskorrak edo apostoluaren tailuak) duten edo hondakin prerromaniko edo erromanikoak dituzten elizetan ikusi nahi izan dira. Eta, egia esan, eliza horiek guztiak mapa batean kokatzen baditugu, ez dute trazadurarik markatzen, lurralde osoan sakabanatuta baitaude, ez baitziren sortu erromesak ibiltzera animatzeko edo erromesbiderik sustatzeko, tokiko eremuan egituratzeko eta herritarrei laguntza emateko baizik, Bilboko Santiago Katedraleko edo hondakin prerromanikoak dituzten landa-eremuko elizetako (Momotio, Gerrikaitz, Iturreta…) indusketek egiaztatu dutenez.

Aipamen berezia merezi du Ziortzako kolegiatak, ezinbesteko tokia baita kostaldeko bidean, bereiz eta kritikarik gabe Donejakue bideko elementutzat aurkeztuko ziren hainbat elementu bateratzen dituelako.

Ziortzara Erdi Arokoa omen den harrizko galtzada batetik sartzen da. Lehenengo kokalekuak IX. mendean ditu sustraiak, eta garai hartatik landa-nekropoli batek iraunarazi du –Oiz mendiaren inguruneko beste nekropoli batzuen antzekoa. Eliza erromaniko baten zimenduak kontserbatu ditu, eta tenplua XII. mendean berreraiki zen; ostatu izan zen, 1386. urteaz geroztik. Irusta abadearen irudi otoizlaridun hilobi bat dauka, eta erromes bat (agian, Santiago bera) mitrarekin koroatzen ari da abadea; erromesen maskorrak ditu, zeinak klaustro errenazentistako arkuarteetan kokatutako medailoi apaingarrietan inskribatuta dauden.

Irusta abade otozlariaren eskultura-multzoa, erromes baten ondoan, abadearen hilobiaren gainean, Ziortzako kolegiatan.
Erromesen maskordun medailoiak, Ziortzako kolegiatako klaustro errenazentistako arkuarteen apaingarri gisa (XVI. mendekoak).

Hala eta guztiz ere, Ziortza jaurerri eklesiastiko baten buru izan zen, eta diru-sarrerak lurra ustiatzetik, azienda ugaritik eta basoko baliabideetatik lortzen zituen. Ez eliza ez ostatua ez ziren eraiki Donejakue bideko erromesak hartzeko. Bidarria ez da Erdi Arokotzat jo behar, errodadura-geruzaren tipologiagatik edo trazaduragatik. Eta ikonografia Irusta abadeak sustatu zuen, suak hartu zuen ostatua berreraikitzeko gastuak ordaintzen laguntzeko limosna biltzeko Aita Santuak eman zuen baimenaren oroigarritzat. Eta hori XVI. mendean gertatu zen, hain zuzen, Donejakue bideko erromesaldi handien garaia igarota zegoenean, eta Donejakue bide zaharrak, frantsesak, protagonismoa galdu zuenean, ibilbide ekonomiko berriak eta espiritualtasun-modu berriak sortu zirenean.  

Hitz batez, ez dugu zalantzarik erromes gutxi batzuk Bizkaitik igaro zirela Konpostelara iristeko, baina egin zutenek ez zuten egin gaur egun milaka erromes ibiltzen diren kostaldeko bidetik, beste batzuetatik baizik. Lehenik, antzinako erromatar bideetatik: kabotaje-ibilbidetik –Via maris– eta, zalantzarik gabe, Iter XXIV bidetik, zeina gure aroko lehenengo milurtekoan Euskal Herria egituratu zuen komunikazio-bidea izan zena, harik eta XI. mendean, Antso III.ak hegoalderantz mugitu zuen arte, gaurdaino iraunarazi den Donejakue bidea finkatuta. Eta, XIII. mendeaz geroztik, Kantauriko portuen bitartez, Gaztelako gune artile-ekoizleak Europako iparraldeko hiriekin lotzeko, garapen ekonomikoaren arabera eratuz joan ziren bide berrietatik.

Gustoko duzu? Partekatu

Argitalpen gehiago

Bloga
Lotura artistikoak Bizkaia eta Europa Atlantikoaren artean Behe Erdi Aroan zehar (II): hilobi-lauda flandiarrak.
Bloga
Lotura artistikoak Bizkaia eta Europa Atlantikoaren artean Behe Erdi Aroan zehar (I): testuinguru historikoa.