Arte eta pentsamendua
Gure ondarea ikusten ohituta gaude. Hala ere, sarri askotan, azal-azaleko alderdiez gozatzearekin konformatzea baino ez daukagu: erretaula barroko baten edertasunarekin, gure dantzetako baten piper eta gatzarekin… Ondare hori sortu zuten pertsonengandik bereizten gaituen distantziak galarazi egiten digu maizetan ondare horren funts-funtsezko atal batez ohartzea: zergatik?. Zergatik dira ezberdinak erretaula barroko hori eta erretaula errenazentista hura? Zergatik dira gizonezkoak dantzari bakarrak dantza honetan, beste horretan emakumezkoek ere parte hartzen badute?…
Orain, zergati horretara hurbildu nahi dugu. Bizkaiko ondarearen irakurketa ezberdin hau egin nahi dugu, eta haren bidez, haren lehen protagonista nagusiengana hurreratu, hots, ondare hura sortu, gozatu eta, ondorik, jaraunspen gisa utzi ziguten pertsona haien pentsamoldera gerturatu. Azken batean, gure asaben adimen eta espiritualtasunera hurbildu gura dugulako.
Hemendik atzerako orrialdeetako proposamen guztiak zeharo interesgarriak dira; hala ere, bereziki adierazgarriak diren presentzia batzuk nabarmendu nahi genituzke aurten, aukeratu den gaia kontuan hartuta. Tenpluez ari gara; izan ere, elizetako altzariekin batera, eraikinok gure kulturaren, eta horrenbestez, gure espirituaren eta pentsaeraren alderdi guztien islapen materialik zabalena osatzen dute. Are, multzo horren barruan ale zehatz batzuk ere azpimarratu nahi genituzke: Markina-Xemein, Orozko eta Mañariko eliza eta baselizetako zurezko gangak, eta azkenik eta nagusiki, Ibarrangeluko elizako ganga izugarri ederra…
Hainbat eta hainbat jarduera egitea proposatzen dizuegu: bisitaldi gidatuak, mendiko ibilbideak, hitzaldiak, erakusketak, kaleko antzerkia, irakaskuntza arloko jarduerak… Horren guztiaren xedea ondoko hau da: hiritarrek beren ondarera hurbildu ahal izatea, hartaz gozatzea, hura ulertzea… eta horrela, beren historian barna sartzea