Baikortasun garaia
Aurreko urteetan bezalaxe, Ondarearen Europako Jardunaldiak gai baten inguruan antolatzen dira. Oraingoan historiaren garai labur baina aldi berean benetan bikaina aukeratu dugu: Erdi Aroaren bukaera. 50 bat urteko aldia -1475 eta 1525 bitartekoa, borobilduz-, non Bizkaia bandoen arteko borroken indarkeriaren ondorioz lotua izatetik, penintsulako lurralde baketsuenenetako eta oparoenetako bat izatera igaro zen.
Aipatutako guztiaren jatorria, Gaztelaren eta Flandesko portuen arteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz hasi zen, Bizkaia berezko ararteko bilakatu baitzen. Horri esker, armadoreek eta marinelek ez eze, merkataritzarekin zerikusia zuten langile askok – erriberako arotzek, garraiolariek, estibatzaileek, ehuleek, sokagileek, errementariek… – diru ugari irabazi zuten, baita lehengaiez, jakiez eta edariez hornitzen zituzten baserritarrek eta produkzioa handitu zuten burdinolen jabeek ere -askotan, borrokak alde batera utzi eta negozio-gizon bihurtutako bandokideak ziren-. Merkataritzako, artisautzako, nekazaritza eta abeltzaintzako eta burdinoletako jarduera biziari esker, lurraldeko bazter guztietara dirutza handiak heldu ziren eta bizkaitarrek eskuzabaltasunez erabiltzen zituzten. Bandokide ohiak, merkatariak edota baserritar xeheak nork luxu handieneko etxea eraikiko zuen, nor modurik deigarrienean jantziko zen, eliza berriaren lanetan diru laguntza oparoena eskaintzeko… lehian zebiltzan. Hiribilduak eta elizateak tenplurik handi eta zabalenak edukitzeko norgehiagoka zebiltzan… Artelanak, liburuak, luxuzko ontziteriak… inportatzen ziren.
Hazkunde, oparotasun eta baikortasun garaiak izan ziren.
Orduko aztarna ugari heldu zaizkigu. Bizkaiak benetako “higiezinen-burbuila” bizi izan zuen, beraz, garai hartako eraikuntzaren bat ez duen udalik aurkitzea arraroa da guztiz: elizak, baselizak, dorreak, jauregiak, baserriak, harresiak eta portaleak… Eta eraikuntza erlijiosoetan, Lekeitiokoa bezalako erretaula ikaragarriak edota Flandestik zuzenean ekarritako Arteagako ekisainduaren antzeko urrezko piezak gordetzen dira. Gotiko berantiarrari jarraituz sortutako elementuak, are gehiago, kalitateari eta kantitateari erreparatuz, Bizkaia inguruko beste herrialdeekin erka daitekeen lehen estilo artistikoa. Eta hondar materialez haratago, dokumentuek garai haietako alderdi ezberdinetara hurbiltzen gaituzte, orduko bizkaitarren bizimoduei, alegia. Hauxe da, beraz, 2012ko Ondarearen Europako Jardunaldien helburua: 1500eko Bizkaia arrakastatsuaren espirituaz kutsatzea.